Gizartea -
2023-2024 ikasturtea
Ez dute EBAUko azterketa kopurua aldatuko, eta Historiaren eta Filosofiaren artean aukeratu beharko da
2024an ere, 90 minutuko azterketa egingo dute irakasgai bakoitzeko. Alde batetik, aukeratutako batxilergo motaren arabera derrigorrez egin beharreko azterketa izango dute ikasleek. Bestetik, hiru proba komun (lau, hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan) izango dituzte.
EITB MEDIA
Unibertsitatera sartzeko azterketaren (EBAU proba) 2023-2024 ikasturteko zirriborroak erakusten du aurreko urteetako proba kopuru berbera izango dutela datorren urtean ikasleek, eta, LOMLOE legearen aldaketaren ondorioz, Espainiako Historia edo Filosofiaren Historia irakasgaiak izango dituztela aukeran. Ebaluazio honetako ezaugarri, diseinu eta edukiari eutsiko diete, baina.
Gaur bertan aurkeztu dute proba Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta unibertsitateek. Esan bezala, aldaketa gutxi batzuk ditu, LOMLOEren irizpideak eta curriculuma oinarri.
Modu horretan, 2024an ere, 90 minutuko azterketa egingo dute irakasgai bakoitzeko. Alde batetik, aukeratutako batxilergo motaren arabera derrigorrez egin beharreko azterketa izango dute ikasleek. Bestetik, hiru proba komun (lau, hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan) izango dituzte.
Nota igo nahi dutenek Batxilergoko bigarren mailako modalitateko beste bi irakasgairen (gutxienez) azterketak egin ahal izango dituzte, eta atzerriko bigarren hizkuntza bat hautatu ahalko dute.
Orain arte bezala, EBAUren notak % 40ko pisua izango du, eta Batxilergokoak % 60koa.
Autonomia erkidego guztiek ekainaren 14a baino lehenago egin beharko dituzte azterketak, ohiko deialdian, eta uztailaren 12a edo irailaren 13a baino lehenago ezohikoan.
Gehienez, lau egunean banatu beharko dituzte azterketa guztiak (bost egunean egiteko aukera izango dute hizkuntza koofiziala duten erkidegoek).