Gizartea -

Italia

Aita Mari, Napoliko portua uztera behartuta, Sirakusara (Sizilia) abiatu da

SMHk salatu duenez, itsasontziko tripulazioa "akitzeko estrategia bat" martxan jarri dute agintariek. Ontzia Napolin porturatu zen joan den larunbatean, Mediterraneo erdialdean erreskatatu zituen 69 pertsonak lehorreratzeko, eta portu horretan egun batzuk gehiago emateko asmoa zuen.

Argazkia: @maydayterraneo
Argazkia: @maydayterraneo
Argazkia: @maydayterraneo

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioren (SMH) ontzia Napoliko portutik alde egitera behartu dute Italiako agintariek, eta beste portu bat noiz esleituko dioten zain daude, gobernuz kanpoko erakundetik jakitera eman dutenez.

Aita Mari ontzia Siziliako beste portu batera bidean da orain, Sirakusara, eta laster jakin nahi du non porturatuko den.

Aita Mari ontzia Napolin porturatu zen joan den larunbatean, Mediterraneo erdialdean erreskatatu zituen 69 pertsonak lehorreratzeko, eta portu horretan egun batzuk gehiago egoteko asmoa zuen, "mantentze-lanak egiteko".

GKEtik azaldu dutenez, gaur 10:00etan abiatu behar zutela jakinarazi zieten, baina itxarotera behartu dituzte, nahiz eta goizean zehar itsasoaren baldintzek okerrera egin, ziurtatu dutenez.

Ontziaren arduradunek zehaztu dutenez, Aita Maritik zaborra ateratzeko baimena eskatu dute, baina eskaera atzera bota dute portuan, ontziak hondakin horiek gordetzeko "edukiera nahikoa" duela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Aita Mari