Gizartea -
Gertakaria
Sei adingabek beste bat jipoitu eta zauritu dute Zornotzako adin txikikoen egoitzan
Gertakaria iragan asteartean jazo zen, eta Ertzaintzak sei erasotzaileak atxilotu zituen. Zauritua Galdakaoko ospitalera eraman zuten, anbulantziaz. Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ospitalean egin beharreko mediku azterketak egin eta ordu gutxira alta eman zioten zaurituari.
EITB Media
Ertzaintzak sei gazte atxilotu ditu Zornotzan (Bizkaian), beste adingabe bat jipoitzea egotzita, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Ertzaintzak, herenegun, asteartean, egin zituen atxiloketak Zornotzako adin txikikoen egoitzan. Zauritutako gaztea Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten.
Astearte arratsaldean, gazte batzuek liskarra izan zuten adin txikikoen egoitzan, ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Istiluan, sei adin txikikok beste bat jipoitu, eta zauritu zuten. Ertzaintzak sei erasotzaileak atxilotu zituen, eta zauritua Galdakaoko ospitalera eraman zuten, anbulantziaz.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du bakarrik dauden atzerriko adin txikikoentzako Zornotzako egoitza. Aldundiak zehaztu duenez, ospitalean egin beharreko mediku azterketak egin eta ordu gutxira alta eman zioten zaurituari.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, sei atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten, eta, Adingabeen Fiskaltzari gertakarien berri eman ondoren, nerabeak Foru Aldundiaren tutoretzapean geratu ziren berriro.