Gizartea -
Ezbeharra Galizian
Bilbotar bat hil da hegazkin txiki batek Santiagon izan duen istripuan
Ezbeharra goizean goiz gertatu da eta hegazkin txikian zihoazen bi gizonezkoak hil dira. Horietako bat Daniel Fernandez (35 urte) da, jaiotzez bilbotarra, baina Katalunian bizi zena.
Erredakzioa
Hegazkin txiki bat erori da Santiagon (Galizia) eta barruan zihoazen bi gizonezkoak hil egin dira. Horietako bat bilbotarra da. Daniel Fernandez zuen izena, 35 urte zituen eta Katalunian zuen bizilekua. Besteak, berriz, 37 urte zituen eta Bartzelonakoa zen.
Istripua goizean goiz gertatu da, Lavacolla izeneko aireportutik hurbil, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko.
Hegazkin txikiak Porto (Portugal) - Asturias - Galizia ibilbidea egin zuen. Portotik transplante baterako bihotz bat eraman zuten Oviedoko Ospitalera eta ondoren Santiagorako bidea hartu zuten, baina lurreratu behar zirenean ezbeharra izan dute.
Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkaritzak azaldu duenez, bi gizonezkoak ondo prestatutako pilotuak ziren eta ezbeharraren unean kontrolerako dorrean arazo garrantzitsuren berririk ez dute izan.
Aitzitik, pilotuek hegaldian zenbat ordu zeramatzaten ezin izan dute zehaztu eta gaur goizean aipatu zonaldean behe-laino handia zegoela adierazi dute.
Hegazkinak 06:25ean hartu behar zuen lurra, 06:38an kontaktua galdu dute eta 07:00etan topatu dute hegazkina, arbola batzuen aurka talka egin ostean, lurrean erorita.
Ikerketa bat jarri dute abian, istripua nola gertatu den argitzeko.