Gizartea -
EHUko Udako Ikastaroak
Lehen balantze positiboa EHUko Udako Ikastaroetan
Ricardo Echeparek “garai nahasi hauetan lortzen ari garen emaitzengatik" pozik dagoela azaldu du gaur egindako lehen balantzean.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) urtero antolatzen dituen Udako Ikastaroen lehen etapak 77 tailer, kongresu eta mintegi antolatu ditu orain arte, eta 5.792 ikasleek eta 733 irakasleek hartu dute parte bertan.
Donostian egindako prentsaurrekoan Jose Luis de la Cuesta Udako Ikastaroen zuzendariak, Vicente Gascon idazkari nagusiak, Rosa Arruabarrena TICen idazkariak eta Ricardo Echepare Aholkularitza batzordeko presidenteak hartu dute parte. Bertan "pozik" agertu da "lehen etapa honetan lortutako emaitzekin, gaur egun bizi ditugun garai nahasiak kontgutan hartuta".
Ekaineko hirugarren astean 7.000 inskripzio lortu zituzten, aurreko urteetan lortutako azken emaitzen antzeko marka. Hori dela eta, kongresuak abuztuko azken asteetan ospatuko direla kontuan hartuta, aurten 8.000 partaide izatea espero dutela azaldu du de la Cuestak.
Halaber, emakumeek izandako pisua nabarmendu izan nahi du, partehartzaileen bi herenak neskak izan baitira. Dena den, datu horiek ez datoz irakaslegoaren portzentaiarekin bat, irakasleen % 31 soilik baitira emakumeak.
Jatorri ezberdinak
Euskarazko ikastaroetan 601 ikaslek parte hartu dutela nabarmendu du Udako Kurtsoetako zuzendariak, "eta hori gehikuntza oso garrantzitsu bat da" bere ustez. Iaz 564 pertsonak hartu zuten parte euskarazko jardueretan.
Jatorriari dagokionez, % 81,13 EAEkoa da, eta % 4,51 Nafarroatik etorritakoa. Estatutik etorritako portzentaia % 12,24koa da, eta atzerritik etorritakoa % 2,12koa.