Gizartea -

Protesta

Istiluak eta atxilotu bat izan dira Donostian GKSk Palestinaren alde egindako elkarretaratze batean

Gazteek polizia-hesia gainditu dute, PSE-EEren egoitzara hurbildu dira eta Ertzaintzak manifestarien aurka egin du.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Palestinaren alde deitutako elkarretaratze batean, istiluak, polizia-kargak eta atxilotu bat (desordena publikoa eta atentatua egotzita) izan dira ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Istiluak 18:25 aldera hasi dira, Donostiako Bilbo plazan Palestinaren aldeko eta Israelen kontrako pankartekin bildu diren manifestariek polizia-hesia gainditu eta sozialisten egoitzara hurbildu direnean.

Manifestariek PSOEren kontrako oihuak egin dituzte, eta "sionista" eta "Israelen konplize" izatea leporatu diote.

Egoitzara hurbildu direnean, Ertzaintzak manifestarien aurka egin du, borrak eta istiluen aurkako materiala erabilita.

Istiluetan, agenteek gizonezko gazte bat atxilotu dute, desordena publikoa eta atentatua egotzita, polizia-iturriek zehaztu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Palestina