Gizartea -
INGURUMENARI KALTEA
Kantabrian aurkitu dute urrian Pasaian "sare fantasma bat" utzi zuen arrantza-ontzia
Ezbehar bat izan zuen arrantza-ontziak sarearekin eta beste ontzi bati laguntza eskatu behar izan zion. Gero, ordea, ez zuen gertakariaren berri eman, agintariek sarea segurtasunez berreskura zezaten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Itsasontziak itsasoan dauden bitartean euren posizioaren berri ematen duen sistema bati esker (AIS), Guardia Zibilak Kantabrian topatu du Pasaiako portuaren kanpoaldean 700 metroko inguraketa sarea utzi zuen arrantza-ontzia.
Arrantzarako erabiltzen den sare hori urriaren 19an berreskuratu zuten, dartsenako bokalearen irteeran.
Abandonatutako arrantza-tresna horiei "sare fantasma" esaten zaie. Urteetan egon daitezke uretan ezkutatuta, eta tranpa hilgarri bihurtzen dira inguruko itsas faunarentzat.
Ikerketaren nondik norakoak
AIS sistematik abiatu zuen ikerketa Guardia Zibilak. Tamaina jakin bateko ontzi guztiek eraman behar izaten dute sistema hori, nahitaez, euren posizioa transmititzeko eta gertuko beste ontzi batzuekin talka ez egiteko.
Hala, ikertzaileek ikusi ahal izan zuten bi arrantza-ontzi bakarrik ibili zirela egun horietan sarea geratu zen lekuan, biak Kantabriakoak, eta, ondorioz, hainbat agente bertara joan ziren, ikertzen jarraitzeko.
Arrantza-ontzietako batek sarearekin ezbeharra izan zuela jakin zuten, arroka batzuetan kateatuta geratu baitzen, eta beste ontzi bati laguntza eskatu behar izan ziotela. Sarearen zati bat bertan geratu zen.
Halabaina, arrantza-ontziko arduradunek ez zieten gertakariaren berri eman agintariei, abandonatutako sarea segurtasunez berreskura zezaten, eta, hori dela eta, Guardia Zibilak arrantza-ontziaren arduradunak salatuko ditu Eusko Jaurlaritzaren aurrean eta zigor administratibo baterako proposatuko ditu, itsas arrantzari buruzko 6/98 Legea haustea leporatuta.
2021etik Pasaian berreskuratu duten bigarren "sare fantasma" da
Azken urteetan Pasaian erretiratutako bigarren "sare fantasma" izan da. 2021eko uztailean, Pasaiako badiaren bokaleko mendebaldeko bankan zegoen beste bat berreskuratu zuten, portutik Ulia mendirako irteeran.