Gizartea -
ZIENTZIA
Bihotz baten simulazioa egin dute, terapien eraginkortasuna frogatzeko
Simulazioak emaitza hobeagoak lortzen lagunduko du eta, aldi berean, gizakion gorputzaren organo konplexuenetakoaren zirrikituak hobeto azaltzeko balioko du.
Erredakzioa
Zientzialari talde batek, lehen aldiz, bihotz baten simulazio birtual zehatz bat sortu du. Simulazioak, terapia bat aplikatu aurretik horrek paziente batengan izan ditzakeen ondorioak frogatzeko balio du; eta, aldi berean, gizakion gorputzaren organo konplexuenetakoaren zirrikituak hobeto ezagutzea ahalbidetuko du.
Bartzelonako Sant Pau Ospitaleko adituek, Barcelona Supercomputing Centerreko (BSC) adituekin batera, bi urte daramatzate proiektuan lan egiten, hau da, bihotz baten simulazio birtuala garatzen. Ikertzaileek, urtearen amaierarako, simulazioak bihotz natural baten prozesu berberak modu perfektuan erreproduzitzea espero dute.
Francesc Carrerasek, Sant Pau ospitaleak garatzen ari den proiektuaren arduradunak, azaldu duenez, simulazioaren bidez lortuko duten informazioa “oso garrantzitsua da bihotz gaixotasunen mekanismoa ulertzeko, batez ere zuntzei eragiten dizkiotenak; eta, horiei konponbide hobeak emateko” baliogarria izango da.
Kardiologoek bihotz birtuala gaixoari egindako TAC eta elektrokardiogramaren datuen arabera pertsonalizatuko dute, eta aldi berean, minutu gutxitan, gaixotasunak hurrengo 10 urteetan izango lukeen eboluzioa konprobatzeko aukera ere izango dute.
“2013aren amaieran, gutxi gora behera, prototipo oso bat izatea espero dugu, estudio klinikoetan frogatzen hasteko”, azpimarratu du Jose Maria Celak, proiektuan BSCko arduraduna.