Gizartea -
MIGRAZIOA
Polizia Nazionalak kaiuko baten patroia atxilotu du Bilbon, zuhurtziagabekeriazko hilketa egotzita
Gertakaria 2022ko abuztuan izan zen: ontzi pneumatiko bat Fuerteventurara iritsi zen, barruan 41 migratzaile irregular eta hiru gorpu zeramatzala.
EITB MEDIA
Polizia Nazionalak kaiuko baten patroia atxilotu du Bilbon, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta atzerriko herritarren eskubideen aurkako delituak egotzita. Las Palmas Kanaria Handikoko Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadak pertsona hori atxilotzeko agindua eman zuen, "migratzaileak Espainian modu irregularrean sartzeko kaiuko baten ontziburua" zelakoan.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakitera eman duenez, ikertu duten gertakaria 2022ko abuztuan izan zen: ontzi pneumatiko bat Puerto del Rosarioko (Fuerteventura) kostaldera iritsi zen, barruan 44 migratzaile zeramatzala; horietako hiru bertara iristeko bidean hil ziren, baldintza gogorren ondorioz.
Las Palmaseko Legez Kanpoko Immigrazio eta Faltsutasun Sareen Aurkako Unitateak (UCRIF III) bere gain hartu zuen ikerketa, eta, zenbait lekuko babesturen deklarazioen ondorioz, ondorioztatu zuen atxilotua zela ontziburua, eta GPS nabigazio-sistema maneiatzeaz arduratzen zela.
Susmagarriak arrastorik utzi gabe ihes egin zuen, epailearen esku izan ondoren, eta ikertzaileek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten Estatu osoan.
Azkenik, Bilboko Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadako agenteek 45 urteko gizona non zegoen jakitea lortu zuten, eta Bizkaiko hiriburuan atxilotu dute, justiziaren ekintza saihesteko ihes egin baitzuen.