Gizartea -
Futbola
Ehun pertsonaren arteko borroka izan da Gasteizen gazteen futbol partida baten ostean
Liskarra joan den larunbatean gertatu zen, bertako Lakua taldeak Bilboko Indautxuren aurka jokatu zuen partidan. Norgehiagoka amaitzean, bi taldeetako jokalariak elkarri bultzaka eta joka hasi ziren. Jokalariei bi taldeetako 50 zale inguru batu zitzaizkien.
Agentziak | EITB MEDIA
Ehun pertsonaren arteko borroka izan zen joan den larunbatean, Gasteizen, Lakua eta Indautxu futbol-taldeen arteko partidua amaitu ostean. Liskarrean jokalariek eta jarraitzaileek parte hartu zuten.
"Oro har, bi taldeetako ikusleen jarrera txarra izan zen partida osoan zehar, baina batez ere Indautxuko zale bezala identifikatuta ditudanen artean, euren kantu eta protestengatik", idatzi zuen epaileak partidako aktan.
"Partida amaitu bezain laster, bi taldeetako jokalariek elkarri bultza egiten hasi ziren eta elkarri aurre egin zioten", azaldu zuen epaileak, "segundo gutxi batzuk geroago, bost zalek zelaira salto egin zuten eta Bilboko taldeko atezainari aurre egiten hasi ziren".
Epailearen arabera, jarraitzaile horietako batek ukabilkada bat eman zion atezainari begi batean, eta, horren ondorioz, "bi taldeetako 50 zalek, gutxi gorabehera, zelaira salto egin zuten eta 100 bat laguneko borroka hasi zen, jokalariek zein zaleek parte hartuta".
"Handik gutxira, Gasteizko Lakuako langile batzuek aldageletara lagundu zidaten, une haietan nire osotasun fisikoa ez zegoelako bermatuta", adierazi zuen epaileak aktan, eta gaineratu zuen "geroago, Ertzaintzaren sei patruila eta Udaltzaingoaren beste bi" iritsi zirela gertakarien lekura, eta eskolta eman zietela aldageletara, "gaitz handiagoak saihesteko".
Epaileak aktan jasotzen duenez, partidako 94. minutuan, Indautxuko zale bat (gerora jokalari baten aita bezala identifikatu zena) oihuka, irainka eta mehatxuka hasi zitzaion, "larriki eta behin eta berriz, jokalekutik metro batera".
Hori dela eta, zale hori instalazioetatik kanporatzeko agindua eman zion epaileak landa-ordezkariari, eta, Lakuako talde-ordezkariarekin batera, pertsona hori "behar bezala" kanporatzeko.
Futbolean gertatzen den indarkeria gaitzetsi du Indautxu taldeak
Handik ordu batzuetara, Indautxu kirol taldeak komunikatu baten bidez salatu zuen bere jokalarietako batek jasandako erasoa.
Adierazi zuenez, erasotzaileak "bi taldeetatik kanpoko pertsonak izan ziren, borroka bat sortzeko helburu bakarrarekin berdegunera sartu zirenak".
"Irmo eta aringarririk gabe gaitzesten dugu jokabide horiek kirol-instalazioetan gertatzen jarraitzea, beste mota bateko jarrerak nagusitu beharko liratekeelako, eta, aldi berean, kezka agertzen dugu gorabehera horiek azken urteetan normalizatu direlako", adierazi zuten Bilboko klubeko kideek.
"Erakunde eskudunen esanetara jartzen gara, erantzukizun guztiak argitzeko asmoz, horrelako ekintza bat oharkabean pasa ez dadin. Gainera, gure jokalaria lehenbailehen berreskuratzea nahi dugu, eta klubak bere eskubideak defendatzeko dituen baliabide guztiak haren esku jartzen ditugu", adierazi zuten oharrean.