Gizartea -
San Frantzisko auzoa
Lau atxilotu Bilbon, gazte bati eraso egin eta etxeko leihotik behera botatzeagatik
20, 19, 18 eta 17 urteko atxilotuei bizilekua bortxatzea eta hilketa saiakera egotzi diete. Biktima 6 metroko altueratik bota dute. Gaztea ospitalera eraman dute, eta behaketan dago.
Agentziak | EITB Media
20, 19, 18 eta 17 urteko lau gazte atxilotu dituzte Bilbon, bizilekua bortxatzea eta hilketa saiakera leporatuta.
Antza denez, atxilotuak indarrez sartu dira etxe batera eta bertan bizi zen gazte bati eraso egin diote. Ondoren, leiho batetik bota dute, 6 metroko altueratik, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
19:30 aldera, Ertzaintzak abisua jaso du, Bizkaiko hiriburuko San Frantzisko auzoko etxebizitza batean iskanbila izaten ari zela ohartarazteko.
Ertzainak iritsi direnean, une horretan ataritik irteten ari ziren bi gazte identifikatu dituzte. Haietako batek odol-hondarrak ziruditenak zituen soinean.
Ondoren, ertzainak bigarren solairuko etxebizitza batera joan dira. Atea irekita zegoen, eta beste bi gizon identifikatu dituzte.
Biktima kalean zegoen, hainbat lesio zituela, kolpeen, ubelduen eta hanka batean arma zuriarekin egindako zauri baten ondorioz. Anbulantzian eraman dute ospitalera, eta behaketan dago.
Lehen ikerketen arabera, etxebizitzan bizi ez diren lau gazteak indarrez sartu dira, eta logeletako bateko bizilagunari erasotzen hasi dira.
Gero, erasotzaileetako bik, antza denez, biktimari heldu diote eta leihotik bota dute kalera, 6 metroko altueratik.