Gizartea -

Ehungarren urteurrena

Bermeok 1912an hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu asteburuan

Igandean ehun urte beteko dira galerna batek Bermeoko ontzi bat harrapatu eta suntsitu zuenetik. Udalak programa zabala prestatu du gau ilun hura gogoratzeko.

Bermeoko 1912ko galerna azalduko digu dokumental batek

02:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bermeoko Udalak programa zabala prestatu du asteburu honetarako, 1912an galerna batek harrapatuta hil ziren 143 arrantzale bermeotarrak omentzeko.

Igandean, 100 urte beteko dira galerna indartsu hark Bermeoko ontzia suntsitu zuenetik. Ezbeharrak lur jota utzi zuen herri osoa.

Hasteko, gaur, eguerdiko hamabi eta erdietan, lore eskaintza bat egingo dute, Azken olatua, azken arnasa hildako arrantzaleen omenez altxatutako eskulturan.

Arratsaldean, Juan Antonio Apraiz itsas ikertzaileak eta Aingeru Astui Arrantzalearen Museoko zuzendariak “1912ko galerna” konferentzia eskainiko dute.

Astebururako, berriz, beste hainbat ekitaldi daude prestatuta. Esaterako, herri antzerki musikal bat egingo dute, hildakoen senitartekoek gau ilun eta gogor hura nola bizi izan zuten erakusteko. Itsasontzi tradizionalek ere erakustaldi bat egingo dute portuan. Mezarik ez da faltako eta itsasontzien prozesio isil bat ere egingo da.

Udalak parte hartzeko eskatu die herritarrei: balkoietan, dolu xingola beltza duten maindire zuriak jartzeko eta garai hartako jantziekin kalera irteteko deia egin die.

ETBk 'Galerna. Infernua Itsasoan' dokumentala eskainiko du laster

Tragediaren ehungarren urteurrenean, galerna horrek sortu zuen ikara eta hondamendia gertutik bizitzeko aukera emango du 'Galerna. Infernua itsasoan' dokumentalak. Dokumentalak arrantzaleen ikuspuntutik berreraikiko ditu galerna eta horren ondorengo momentuak ere. Tragediaren ezaugarriak eta nondik norakoak erakutsiko ditu, garai hartako marinelek zer nolako bizitza zeramaten azalduz.

Horrez gain, orduko segurtasun aukeren eta alarma emateko sistemen berri emango du; segurtasun premiaren eta lan egin beharraren arteko dilemak marinelei sortzen zizkien zalantzak azalduko dira eta zeukaten babes sozialaren falta izugarria garatuko da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea