Gizartea -
GERTAKARIA
Gazte bat atxilotu dute Donostian, beste bati objektu zorrotz batekin lesioak eragitea leporatuta
Eztabaida baten ostean, erasotzaileak ustez arma zuri batez egin zion eraso biktimari. Zauritua ospitalera joan zen, eta larrialdietan hartu zuten, pneumotoraxa baitzuen.
EITB Media
Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu du Donostian arma zuri batez beste bat zauritzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Dirudienez, eztabaidatu ondoren, atxilotuak arma zuri batez eraso zion biktimari. Zauritua ospitalera joan zen, eta larrialdietan hartu zuten, pneumotoraxa baitzuen.
Ertzaintzak atzo jakin zuen Donostia Ospitalean ustez arma zuri batekin zauritutako pertsona bat zegoela. Hori horrela, ikerketa abiatu zuen.
Donostiako ertzain-etxeko iturrietatik zabaldu dutenez, aurreko eguneko gauean gertatu omen zen guztia. Elkar ezagutzen zuten bi gaztek eztabaida izan zuten, eta, halako batean, batek besteari kolpe bat eman zion bizkarrean, kalean.
Biktima etxera joan zen lotara, eta, goizean, arnasa hartzeko zailtasunak eta odol arrastoak zituela esnatu zen. Hori ikusita, ospitalera joatea erabaki zuen.
Atzo bertan, ertzainek ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten, Donostian, lesio delitu bat egotzita. Atxilotua epailearen esku utzi dute polizia-eginbideak amaitu ondoren.