Gizartea -
Polizia operazioa
Zortzi zale gorritxo atxilotu dituzte iraileko Osasuna-Sevilla partidaren atarian izandako istiluengatik
Liskarrak irailaren 23an gertatu ziren, Iruñean. Gainera, Espainiako Poliziak Sevillako 25 jarraitzaile atxilotu ditu istilu berdinengatik eta beste batzuengatik. Atxiloketa gehiago egitea ez dute baztertzen.
EITB Media
Zortzi zale gorritxo atxilotu dituzte azken orduetan, Nafarroan, irailaren 23an Iruñean jokatu zen Osasuna-Sevilla norgehiagokaren atarian izandako istiluekin zerikusia dutelakoan.
Espainiako Poliziak Sevillako informazio brigadarekin eta informazio komisaria nagusiarekin elkarlanean egin ditu atxiloketak. Gainera, atxiloketa gehiago egitea ez dute baztertzen, Poliziako iturriek azaldu dutenez. Sare Antifaxistak zale nafarrak aske uztea eskatu du X sare sozialean.
25 atxilotu Sevillan
Bestalde, Espainiako Poliziak orain arte Sevillako 25 jarraitzaile atxilotu ditu, iragan irailean gertatutako istiluekin harremana izatea egotzita, baina, baita azaroaren 23an Esperanza de Triana kaleko taberna batean izandako beste liskar batzuekin ere.
Poliziako iturriek jakitera eman dutenez, operazioak zabalik jarraitzen du, eta atxiloketa gehiago egitea ez dute baztertzen. Iruñeko istiluen ostean, Sevillako bi zale atxilotu zituzten Nafarroako hiriburuan. Material piroteknikoa, makilak eta lehergailu bat atzeman zizkieten.
Esperanza de Triana kaleko tabernari dagokionez, arratsalde hartan Betis futbol taldeko jarraitzaile baten urtebetetzea ospatzen ari ziren bertan, Boixos Nois (Bartzelona) eta Frente Atleticoko zale erradikalen parte-hartzearekin. Sevillako zenbait jarraitzaile bertan sartu eta liskarrak hasi ziren.
Istilu horietan lau gizon atxilotu zituzten, besteak beste, liskarrean zauritu zen pertsona. Sevillako zale bat izan zen, eta ospitalera eraman behar izan zuten.