Gizartea -
Zortzi eguneko jaia
Ohiko kanoikadarekin hasi dute Donostiako Aste Nagusia
Kontzetuak eta suak dira jaietako programako ekitaldi nagusiak. Aurtengo aurrekontua % 14 txikiagoa da, aurreko urtekoarekin alderatuta.
Erredakzioa
Luis Mocoroa Euskal Gastronomia Kofradiako artilleroak Udaleko terrazatik botatako kanoikadak eman dio hasiera, 19:00etan, Donostiako 2012ko Aste Nagusiari. Gaurtik aurrera zortzi eguneko jaia eta 351 ekitaldi izango dituzte Gipuzkoako hiriburuan.
Jaien hasiera ikusteko milaka pertsona bildu dira Alderdi Ederren. Donostiako Pirata taldeak bere 10. urteurrena ospatu du 'Artillero' ospetsua abestuz, Juan Karlos Izagirre (Bildu) alkatearekin eta udalbatzako gainontzeko zinegotziekin batera; tartean, Maria Jose Usandizaga (PP) eta Denis Itxaso (PSE-EE).
19:00ak jo aurretik, jendetza biltzen hasi da Alderdi Ederren, ohiko kanoikada ikusteko.
Jaiak hasi berriak zirela, Izagirre alkateak udalbatza osoaren presentzia azpimarratu du, eta festak "oso ondo" joatea desiratu du, bisitariei Donostiara etortzeko gonbitea eginda, "jaietako ekitaldiak oso gertukoak egingo zaizkielako".
300 ekitaldi baino gehiago
Aste Nagusian 351 ekitaldi izango dira. Esanguratsuenak, kontzertuak eta su artifizialak. Aurtengo aurrekontua iazkoa baino % 14 txikiagoa da, baina denetarik dago: musika, dantza, antzerkia, jolasak, kirolak, su artifizialak, merkatuak eta lehiaketak.
Aurten lehen aldiz bertoko produktuekin egindako entsalada-lehiaketa egingo dute. Sarriegi plazan izango da, abuztuiaren 15ean, 11:30etatik aurrera.
Lehiaketan 16 eta 22 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute, "bertoko euskal produktuei duten balioa emateko eta gazteak elikadura osasuntsuak eta kalitatezkoak duen garrantziaz kontura daitezen".