Gizartea -
Osasuna
Aho-hortzetako doako osasun zerbitzua 0 eta 6 urte bitarteko haurretara zabaldu du Osakidetzak
Orain arte, 7 eta 15 urte bitarteko umeek soilik zuten doako zerbitzua. Hedapena 2024an zehar gauzatuko da.
EITB MEDIA
Osakidetzak 0 eta 6 urte bitarteko haurrak sartu ditu aho-hortzen osasun zerbitzuan. Horrela, Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) esparruan, 13 Erakunde Sanitario Integratuetako hortz-unitate guztiek asistentzia ere emango diote kolektibo horri.
Hedapena 2024an zehar gauzatuko da, inplikatutako talde profesionalen egokitzapen fisiko, tekniko eta funtzionalen arabera; horretarako, Lehen Mailako Arretako Pediatriako Haurren Osasun Planarekin koordinatutako protokoloak prestatu eta ezarri beharko dituzte.
Aho-hortzetako Osasun Unitateen agenda guztietan gutxieneko hutsune batzuk utzi dituzte, 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat berariaz programatutako laguntzara bideratuak, baita 7 eta 15 urte bitartekoentzat ere, gaur egun Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) bidez jada zerbitzu hori ematen ari diren zentroetan.
Aho-hortzen osasunaren esparruan aurreikusitako ekintzen artean, azpimarratzekoa da, halaber, 2024an Arabako Errioxako ESIk hortzen arretarako unitate sortu berri bat izango duela, inguru horretako biztanle guztiei laguntza emateko.
Prestazio publikoa
2023an zehar, Osakidetzak aho-hortzen osasuneko zerbitzu berriari beste kolektibo batzuk gehitu dizkio. Alde batetik, hortzeria iraunkorra arriskuan edo txantxarra duten 5-6 urteko haurrei PADIren berezko jarduerak aplikatzen zaizkie jada hortz-kontsultetan 2023ko urtarriletik. Haurdun dauden emakumeei aho-hortzetako zerbitzua emateari dagokionez, 2023ko maiatzean osatu zen emakumeen haurdunaldian hortzetako prebentzio-jardueren hedapena —zerbitzu-zorro berriaren proiektuan jasotakoak— Osakidetzako Lehen Mailako Arretako hortz-unitate guztietan. Bestalde, paziente onkologikoentzako hortz-prestazioak jada Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan aplikatzen ziren.