Gizartea -
ASTE NAGUSIA
Bilboko Konpartsek Juan Carlos Egillor marrazkilaria omenduko dute
Egillorren diseinua duten14.000 zapi banatuko dituzte txosnetan, musu truk.
Erredakzioa
Bilboko Konpartsek Juan Carlos Egillor marrazkigilea omenduko dute. Horretarako, lehenengo Aste Nagusirako Egillorrek diseinatutako zapiaren 14.000 imitazio banatuko dituzte. Artistak egindako marrazkietan inspiratutako pin bat eta buruhandi bat ere sortu dituzte.
Bilboko Konpartsetako bozeramaileak, Itziar Villafañezek, zapia, pina eta buruhandia aurkeztu ditu. "Egin genezaiokeen omenaldirik politena, Egillorrek lehenengo Aste Nagusirako diseinatutako irudia berreskuratzea zen”, aitortu du Villafañezek, “benetako Aste Nagusiko espiritua islatzen du”.
Iaz ere, Bilboko Konpartsek Egillor omendu zuten Aste Nagusian, Marrazkilariaren irudi batekin zapi bat atera zuten, eta sekulako arrakasta izan zuenez, aurten ere, antzeko zapiak oparitzea erabaki dute.
Zapiaz gain, Bilboko konpartsek pin bat aurkeztu dute. Juan Carlos Egillorrek konpartsen lan garrantzitsua aldarrikatu zuen, eta pinarekin gauza bera egin nahi dute.
Hala, 3.500 pin jarriko dituzte salgai, euro baten truke. Txosnetan, Bilbao tabernan, Iruña tabernan eta La Granjan erosi ahal izango dira.
Buruhandia
Itziar Urtasun Bilboko Udaletxeko festetako ordezkariari buruhandia eman diote "izan ere, Egillorren diseinua azken finean buruhandi bat da", adierazi du Villafáñezek.