Gizartea -
Bioaniztasuna
Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babesteko erabakia pozik hartu du Eguzkik
Talde ekologistak nabarmendu duenez, hainbat espezie eta habitat natural topa daitezke hor, hala nola itsas ugaztunak (izurde handia, kasu), arrezifeak eta urpeko leizeak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eguzki talde ekologista "pozik" agertu da Espainiako Gobernuak "Jaizkibel-Capbreton itsas eremua" babesteko proposamena egin diolako Europako Batzordeari. Hain zuzen ere, Batasunaren Intereseko Leku gisa onesteko asmoz egin du Espainiak proposamena, eremu hori Natura 2000 Sarearen barruan sar dadin.
Talde ekologistak ohar batean nabarmendu duenez, "behin betiko urratsa ez bada ere, oso garrantzitsua da proposamena". Hala, EBk 1.500 kilometro koadroko eremu hori babestea espero du Eguzkik. Zehazki, Igeldoko itsaslabarretatik Higer lurmuturreraino doa eremu hori, eta itsaso zabalean zabaltzen da 2.000 metroko sakonera duen Capbretongo urpeko hobiraino.
Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babesteko arrazoi nagusia Europar Batasunak garrantzizkotzat jotzen dituen espezie eta habitat naturalak bertan izatea da, hala nola itsas ugaztunak (izurde handia, kasu), arrezifeak eta urpeko leizeak. Oro har, arrantza-baliabideei eta biodibertsitateari eusteko funtsezko ekosistemak dira, Eguzkik adierazi duenaren arabera.
Itsas eremu horren ondoan, Lapurdiko itsasertzaren aurrean, dagoeneko babestuta dauden beste eremu batzuk badirela gaineratu du Eguzkik. Guztiak batuta, Atlantikoko eremu babestu handienetako bat eratu daiteke.
Talde ekologistaren iritziz, gaur egun Gipuzkoako kostaldean dauden hainbat arazo konpontzen lagundu beharko luke arau horrek, "hondakin-uren saneamenduan dauden gabeziak, neurriz gaineko arrantza, itsasertzaren artifizializazioa, jarduera nautiko gehiegizkoak, hondakin solidoak eta kontrolik gabeko urpekaritza, besteak beste".