Gizartea -

Osasuna

Eritasun arinen kasuan hiru eguneko "autobajak" ezartzea proposatu du Osasun Ministerioak

Halaber, osasun zentro, zentro soziosanitario eta farmazietan musukoaren erabilera proposatuko die Espainiako Osasun Ministerioak autonomia erkidegoei Lurralde arteko Osasun Batzordean, arnas birusek izan duten hazkundea tarteko.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun ministro Monica Garciak gaur, astelehenarekin, aurreratu du autonomia erkidegoei proposatuko diela hiru eguneko bajen "autojustifikazioa" aztertzea, "eritasun arina duten gaixoen kasuan", Onda Cero irrati kateari emandako elkarrizketan erantsi duenez.

Halaber, erkidegoei proposatuko die osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta farmazietan berriro ere maskara erabili behar izatea. Ezohiko bilera dute gaur, azken egunotan arnas birusek izan duten hazkundea tarteko, "irizpideak bateratzeko" asmoz.

Haren iritziz, gaixotasunaren hasierako fasean "ez da beharrezkoa sendagilearengana joatea, baina baja eskatuta, nolabait osasun zentrora joatera behartzen ari gara gaixoa. Herrialde askotan, dagoeneko, hartu dute aipagai dudan neurria, alegia, gaixoaren erantzukizunaz fidatzen dira".

Ministroaren hitzetan, "arduratzeko modukoa" da gripearen bilakaerak egunotan erakutsitako zifrak, izan ere, "azken urteetako maila gorenera iritsi da gaixotasun horren intzidentzia". Dena den, infekzioak baino, ospitaleen kolapsoak eragin du arazo handiagoa, Garciak azaldu duenaren arabera.

Zentzu horretan, gogora ekarri du kutsatzea saihesteko bide eraginkorrena musukoa dela, baita leku itxiak ondo aireztatzea ere, eta "nola ez, koordinazioa". Hartara, positibotzat jo du maskararen derrigortzea bultzatu duten erkidegoen iniziatiba. Oraindik, ordea, ez dute mahai gainean jarriko ikastetxeetan musukoa erabiltzeko aukera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gripea Koronabirusa Maskarak