Gizartea -

Bilbo

Ecuador Etxea Elkarteak Deustuko egoitzako ateak itxi ditu, 16 urteko ibilbidearen ostean

Baliabide ekonomiko falta dela eta, "pena handiz" hartu du taldeak hainbeste urtez lagun askoren "etxea" izan dena ixteko erabakia. Hala ere, amore ematetik urrun, lanean jarraituko dutela iragarri dute "beste pertsona batzuek ikusezin bihurtu nahi dutena ikusarazteko".

Ecuador Etxearen Deustuko egoitza.
Ecuador Etxearen Deustuko egoitza.
Ecuador Etxearen Deustuko egoitza.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gaur, pena handiz, agur esan behar dugu". Hitz horiek erabilita jakinarazi du Ecuador Etxeak Deustuko egoitzaren itxiera, 16 urteko ibilbidearen ostean. 

Bere webgunean argitaratutako ohar batean Ecuador Etxeko taldeak adierazi duenez, "baliabide ekonomikoak oso mugatuak" dira, eta, egun, "ez dute gehiagorako ematen". Horien arabera, urteak zeramatzaten gastuak euren gain hartzen, "espazioari eutsiz, uneren batean erabaki bat hartu beharko genuela jakinda. Orain, aukera guztiak agortuta, Deusturi, hainbeste urtetan hartu gaituen auzoari, agur esan beste erremediorik ez dugu".

"Gure lana kaleetan dago, Bilboren benetako izaera zehazten joan diren manifestazioetan, elkarretaratzeetan eta bestelako ekintzetan: elkartasuna, gizarte-borroka, feminismoa, arrazismoaren kontrako borroka, beti prest horretarako; baina lokal horretan garatzen zen dena. Han editatu ditugu egunez egun hainbeste argazki, bideo eta testu, han garatu da ikusten ez den hori guztia ere, Ecuador Etxea posible izatea ahalbidetzen zuena", esan dute.

Deustuko egoitza "elkargunea eta etxea" izan da pertsona askorentzat. "Han euskara eskolak eman ditugu, ekintzak antolatu, eta tailerrak, aurkezpenak, ikastaroak eta hitzaldiak eskaini dituzte mundu hobeago baten alde lanean pertsona eta talde askok", azaldu dute. 

Hala ere, iragarri dutenez, Deustuko egoitza ixtearekin ez da Ecuador Etxearen lana amaitzen. "Ez gara amore ematen dutenetakoak. Etapa berri bat hasi da. Bere egoitzan espazio txiki bat utzi digun erakunde lagun bati esker, lanean jarraituko dugu, eta beste pertsona batzuek ikusezin bihurtu nahi dutena ikusarazteko gertatzen den guztia biltzen jarraituko dugu. Kalean ikusiko dugu elkar", gaineratu dute.

Ecuador Etxea 2000. urtean sortu zen, Latinoamerikako eta Euskal Herriko jatorriko pertsona talde bat euskal lurretara iristen ziren pertsonei laguntza eta aholkularitza emateko antolatuta. Urteak igaro ahala, Ecuador Etxea kulturartekotasunarekin, komunikazioarekin eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzarekin lotutako proiektuak eta ekimenak sustatzen eta babesten dituen erakunde bihurtu da, eta, azkenaldian, Euskal Herriko gizarte-borroketan ere parte hartu du.

Ecuador Etxeak laguntza eskatu du "proiektu komunikatiboa desager ez dadin"

Ecuador Etxeak nabarmendu du Deustuko egoitzaren itxiera "lehen pausoa" izan zela eta proiektu komunikatiboa bera ere arriskuan dagoela. Hori dela eta, laguntza eskatu dute beren lanarekin jarraitu ahal izateko.

Sare sozialetan adierazi dutenez, hilean 10 euro ordainduko dituzten 360 pertsonaren babesa behar dute bi langileri soldata "duina" ordaintzeko. Edonola ere, bakoitzak ahal duen kopuruarekin lagun dezakeela nabarmendu dute. Bestalde, interesa duten erakunde eta sindikatuei beraiekin harremanetan jartzeko eskatu diete, bai posta elektroniko (info@ecuadoretxea.org) edo telefono bidez (607 339 855).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Migrazioa Euskal Herria Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Ekuador azken ordukoa Gobernuz Kanpoko Erakundeak Deustu