Gizartea -
Trafikoa
Motozale bat hil da Getarian, auto baten aurka talka eginda
58 urteko motozalea larri zaurituta eraman dute Donostiako Ospitalera, baina bertan hil egin da. Ezbeharra dela eta, N-634 errepidea bi orduz egon da itxita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hil egin da igande goizean N-634 errepidean, Getarian, istripua izan duen motozalea. Auto baten kontra egin du talka, eta larri zaurituta eraman dute Donostiako Ospitalera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, ordu batzuk geroago hil da. 58 urteko gizonezkoa da hildakoa.
Istripua 10:15ean jazo da, Kia Ceed auto batek txirrindulari talde bat aurreratzean Zarautzerantz zihoan Honda NC750 motor baten kontra aurrez aurre talka egin duenean.
Osasun-langileak bertaratu dira zauritua artatzera, eta Donostiako Ospitalera eraman dute, larri. Azkenik, hil egin da.
Ezbeharraren ondorioz, N-634 errepidea bi orduz egon da itxita. Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.