Gizartea -
Immigrazioa
Gora egin du atzerritar kopuruak EAEn, eta magrebtarrak dira gehienak
Marokoarrak dira gehiengoa atzerritarren artean, atzerritarren % 11,7 (17.722), eta bigarrenak jatorri errumaniarrekoak dira (% 11,6).
Erredakzioa
EAEn erroldatuta dauden jatorri atzerritarreko herritarren kopuruak gora egin du, krisia krisi, eta lehenengo aldiz, magrebtarrak (Marokokoak eta Aljeriakoak) dira gehienak, Immigrazioaren euskal Behatokiak egindako txosten batean agertzen denez.
2012ko urtarrilaren 1ean erroldatuta zeuden herritarrak hartu ditu txostenak kontuan: 151.162 atzerritar zeuden erroldatuta EAEn, 2011n baino % 4,1 gehiago. Aldiz, Estatuan, etorkin kopuruak % 0,7 egin du behera.
Hazkundea hiru lurraldeetan atzeman da. Bizkaian dago atzerritar gehien, 75.113, 2011n baino % 4 gehiago. Gipuzkoan 45.913 atzerritar daude erroldatuta, iaz baino % 3,9 gehiago, eta Araban 30.136 daude, aurreko urtean baino % 4,6 gehiago.
Lehenengo aldiz, marokoarrak dira gehiengoa atzerritarren artean, atzerritarren % 11,7 (17.722), eta bigarrenak dira jatorri errumaniarrekoak (% 11,6).
Atzerritar guztiak kontuan izanda, hiru taldetan bana daitezke jatorriaren arabera: % 40,1 hegoamerikarrak, % 24,7 europarrak eta % 16,3 magrebtarrak.