Gizartea -

BIZKAIA

22 urteko gizon bat atxilotu dute, Bilbon hiru edukiontziri su ematea leporatuta

Suak kalteak eragin ditu, hiru edukiontzitan ez ezik, aparkatuta zegoen auto batean eta bi saltokitako beirateetan. Izapideak amaitutakoan, atxilotua aske utzi dute, baina datozen egunotan agertu beharko du epailearen aurrera.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 22 urteko gizon bat atxilotu du bart Bilbon, Bizkaiko hiriburuan hiru edukiontziri su ematea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, suak kalteak eragin ditu, hiru edukiontzitan ez ezik, aparkatuta zegoen auto batean eta bi saltokitako beirateetan. 

Atzo gaueko bederatziak baino minutu batzuk lehenago Ertzaintzari jakinarazi zioten Colon de Larreategi kaleko edukiontzi batzuk sutan zeudela. Bertaratu ziren ertzainek egiaztatu zuten hiru edukiontzi sutan zeudela, eta suhiltzaileei deitu zieten.

Agenteek inguruko kaleetan pertsona bat geldiarazi zuten, eta ikerketa abiatu ondoren, sua berak piztu zuela aitortu zien gazteak. Hori dela eta, kalte delituak leporatu zizkioten.

Halaber, sua pizteko ustez erabilitako metxeroa kendu zioten ertzainek gazteari.

Izapideak amaitutakoan, atxilotua aske utzi zuten, baina datozen egunotan agertu beharko du epailearen aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Istiluak Bilbon gaur Ertzaintza Nafarroako herriak Gaurko albisteak Bizkaia Delituak azken ordukoa Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa