Gizartea -

RUBIALES AUZIA

Auzitegi Nazionalak Rubiales epaitzea proposatu du, Hermosori baimenik gabe emandako musuagatik

Halaber, Francisco de Jorge epaileak Albert Luque, Jorge Vilda eta Ruben Rivera ere epaitu nahi ditu, musuaren ostean jokalariari egindako presioengatik.

Luis Rubiales, Auzitegi Nazionalaren atarian. Artxiboko argazkia: EFE
Luis Rubiales, Auzitegi Nazionalaren atarian
Luis Rubiales, Auzitegi Nazionalaren atarian. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco de Jorge Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia epaitzea proposatu du, Jenni Hermoso futbol jokalariari Munduko Txapelketako finalaren ostean baimen gabe eman zion musuagatik, eta ondoren ekintza hori justifikatzeko egin zizkion presioengatik. Gainera, Albert Luque (Espainiako Futbol Federazioko kirol zuzendaria), Jorge Vilda (Espainiako hautatzaile ohia), eta Ruben Rivera (Espainiako Futbol Federazioko marketing arduradun ohia) ere epaitu nahi ditu, musuaren ostean jokalariari egindako presioengatik. 

Hainbat hilabetetako ikerketaren ondoren, epaileak instrukzioa amaitu du eginbide guztiak egin dituela iritzita.

Ostegun honetan Auzitegi Nazionalak jakitera eman duen autoan epaileak ondorioztatu duenez, Luis Rubialesek Jenni Hermosori emandako musua "baimenik gabekoa" izan zen eta ikertuak "alde bakarrez" eta "ustekabean" jokatu zuen. De Jorgeren arabera, jokalariak jasan behar izan zituen presioek "antsietate eta estres handia" eragin zizkioten.

Magistratuak ez ditu Rubialesi leporatzen dizkion delituak zehaztu, uste baitu bere eginkizuna dela delitu zantzuak dauden ala ez egiaztatzea eta gertaera horiek zigortu daitezkeen ebaztea. 

Instrukzio epaileak gaineratu duenez, musuak "helburu erotikoa" izan zuen ala ez eta euforiak eragindako izan ote zen ahozko epaiketan argitu beharreko elementuak dira. 

Beste hiru ikertuen jokabideari dagokionez, epaileak uste du Rubialesekin batera adostu zutela Hermosori eskatzea musua baimendua izan zela esatea.

Orain, De Jorge epaileak Fiskaltzari eta akusazioei ebazpena helaraziko die, hamar eguneko epean ahozko epaiketa hastea edo auzia artxibatzea eska dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Futbola estatuko azken ordukoa Espainia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Mundu matxista Feminismoa Sexu erasoak gaur