Gizartea -

Hezkuntza

Arrakala digitalaren aurkako 'Aukerak suspertzen' programan Euskadiko 3.710 adingabek hartu dute parte 2023an

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren ekimenak eten digitala ezabatu nahi du, eskolaz kanpoko laguntza eta tokiko sare komunitarioaren aktibazioa sustatuz. Erabiltzaile gehienak familia migratzaileetatik eta ikastetxe publikoetatik datoz.

Haurrak informatikako gela batean.
Haurrak informatikako gela batean.
Haurrak informatikako gela batean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte-desabantaila egoeran dauden ikasleen eten digitala ezabatzeko Eusko Jaurlaritzaren programa 3.710 ikaslerengana iritsi da 2023an; aurreko ekitaldian baino % 31 gehiago izan ditu, beraz. Ikasle gehienak familia migratzaileetakoak izan dira, eta ikastetxe publikoetan ikasten dute.  

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen "Aukerak Suspertzen" ekimena desabantaila sozialean eta hezkuntza- eta ikaskuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago.

Helburua eten digitala ezabatzea da, eskolaz kanpoko laguntza eta tokiko sare komunitarioaren aktibazioa sustatuz, Sailak ohar batean azaldu duenez. 2020an covid-19aren ondorioak arintzeko sortu zen programa gerora ere mantendu dute, beharraz eta eraginkortasunaz jabetuta. 

Baliabide materialak (hala nola gailuak eta konektibitatea) emateaz gain, "Aukerak Suspertzen" programak gaitasun digitalak sendotzea eta hezkuntzan laguntzea du helburu, eta adingabe bakoitzaren eta bere familia-ingurunearen behar espezifikoetara egokitzen da.

Horretarako, boluntarioen eta profesionalen, administrazio publikoen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen lankidetzatik abiatuta, hezkuntza-erantzunak aktibatzen ditu programak.

2023an gizartean desabantaila egoeran zeuden 3.710 haur eta nerabe artatu ditu, 2022an baino % 31 gehiago, eta boluntario kopuruak ere gora egin du, guztira 727 izan baitira (aurreko edizioan baino % 30,7 gehiago). 

Erabiltzaileen gorakada hori lurralde guztietan izan den arren, nabarmenagoa izan da Bizkaian, 2022an 1.444 izan ostean, 2023an 1.844 izan baitira programa horretan parte hartu duten haurrak eta gazteak. Araban, 429 izatetik 941 izatera igaro dira, eta Gipuzkoan, 689 izatetik 925 izatera.

Ikasleen % 76 ikastetxe publikoetakoak izan dira, eta % 24, itunpeko ikastetxeetakoak. 

Euskadiko 90 udalerritan finkatu ditu laguntzak programa horrek, 2022an baino zazpi gehiagotan: Arabako 12 udalerritan, Bizkaiko 49tan eta Gipuzkoako 29tan.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, programa honek Eusko Jaurlaritzak bultzatutako zaintza-politikarekin bat egiten du; izan ere, "zaintzek barnean hartzen dute adingabeei ematen diegun laguntza hezitzailea, emozionala eta soziala". Gaineratu duenez, "ekintza kolektiboak eta elkartasunak bizitzak nola eralda ditzaketen eta Euskadiko gizarte-sarea nola indartu dezaketen erakusten du programa honek".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Gazteak