Gizartea -
Ziburu
Hiru gazte zauritu dira Zokoan, horietako bat larri, etxe bateko balkoia behera etorrita
Zokoko gotorlekuaren ondoan dagoen etxebizitza batean jazo da ezbeharra, 14:00ak aldera. Behera etorri denean, 19 urteko hiru gazte zeuden bertan.
EITB MEDIA
Hiru pertsona zauritu dira Zokoan (Ziburu, Lapurdi), etxebizitza bateko balkoia behera erorita, EITB Mediak jakin duenez.
Zokoko gotorlekuaren ondoan dagoen etxebizitza batean jazo da ezbeharra, 14:00ak aldera.
Passicot komandantea etorbideko eraikin bateko bigarren solairuko egurrezko balkoi bat bat-batean erori da, eta bertan zeuden 19 urteko hiru gazte goitik behera erori dira, zazpi bat metroko altueratik.
Hiruretako bat larri zauritu da, eta beste biek kolpe handia hartu dute. Larrien dagoena Baionako ospitalera eraman dute, eta beste biak, Donibane Lohizunekora.
Beste hiru pertsona zeuden apartamentuaren barruan istripua izan denean, eta gertaerak jota utzi ditu. Medikuek artatu behar izan dituzte horiek ere, han bertan.
22 pertsona eta larrialdi-zerbitzuetako 8 ibilgailu mobilizatu dituzte. Suhiltzaileek eta udal zerbitzuek eraikina ikuskatu dute, baina ez dute ikuskapen horren emaitzen berri eman.