Gizartea -
30.000 euroko kalte-ordaina
Okerreko pazienteari, gelakideari, egin zioten ebakuntza
Ebakuntza egin eta egun gutxira, eta arazorik gabeko egonaldiaren ondoren, berriro eraman zuten ebakuntza-gelara bide bat jartzeko, eta zauriak eragin zizkioten.
Erredakzioa
Valentziako Osasun Zerbitzuak 30.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio emakume bati ospitaleko gelakideari zegokion ebakuntza egin eta zauriak eragin zizkiotelako. Horixe da Valentziako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia.
Ebakuntzak zauriak eragin zizkion sorbalda batean eta egun sorbalda hori mugitzeko arazoak ditu.
Gertaera 2004ko azaroan jazo zen. Salatzailea Alacanteko Virgen de los Lirios ospitalera joan zen urdailean zituen tumoreak kentzeko.
Ebakuntza egin eta egun batzuetara, errekuperazioan inolako arazorik izan barik, berriro eraman zuten ebakuntza-gelara eta bide bat jartzen saiatu ziren. Ebakuntza hori bere gelakidearentzako aurreikusita zegoen.
Saiatu arren, azkenean medikuek amore eman zuten eta pazientea gelara bueltatu zuten, baina ordurako zauriak zituen sorbaldan.
Enema ere
Horrez gain, handik egunbetera, erizain bat enema bat jartzen saiatu zen (hori ere gelakidearentzat aurreikusita zegoen). Salatzaileak enemarik ez jartzeko esan zion erizainari, bere tratamenduarekin bat ez zetorrelako.