Gizartea -

Eliza

Ehunka lagunek azken agurra eman diote Juan Maria Uriarteri, Begoñako basilikan

Larunbatean hil zen Donostiako gotzain emerituaren hileta fededunen eta ordezkari politikoen aurrean egun dute, Bizkaiko hiriburuko tenpluan.

Juan Maria Uriarteren hileta elizkizuna, Bilbon. Argazkia: EFE
Juan Maria Uriarteren hileta elizkizuna, Bilbon.
Juan Maria Uriarteren hileta elizkizuna, Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituaren hileta elizkizuna egin dute Begoñako basilikan, Bilbon. Joseba Segura Bilboko gotzaina buru izan du ekitaldiak. Uriarte larunbatean hil zen Basurtuko Ospitalean, 90 urte zituela, iktus baten ostean ospitaleratu eta egun gutxira.

Hiletan izan dira, besteak beste, Ricardo Blazquez kardinala, Mario Iceta Burgosko artzapezpikua, Francisco Perez Gonzalez Iruñeko eta Tuterako artzapezpiku emeritua, Fernando Prado Donostiako gotzaina, Jose Ignacio Munilla Orihuela-Alacanteko gotzaina eta Mikel Garciandia Palentziako gotzaina.

Agintari politikoei dagokienez, Josu Erkoreka eta Gotzone Sagardui sailburuak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatea eta Andoni Ortuzar EAJko presidentea izan dira, besteak beste.

Bere homilian Bilboko gotzainak adierazi duenez, Uriartek "bizipenetan aberatsa den existentzia pertsonal eta ministeriala mantendu ahal izan du, topaketetan aberatsa, poztasun, kezka eta argitasun ugarirekin, neurri batean bera jendearekin eta egoeretan inplikatzen zen modu biziagatik".

Gotzainak Uriarteren azken liburua ekarri du gogora, "Sexua eta generoa eztabaidagai": "90 urterekin gai korapilatsu horretan sartzeko kemena behar da, baina hor dago emaitza, argi eta garbi azaldutako hausnarketa bat; balorazio haztatu eta oso beharrezko batean amaitzen da".

Elizkizuna amaitu ondoren, hilkutxa atera denean, bertaratutakoen txaloak entzun dira. Gorpuzkiak Fruizera (Bizkaia) eramango dituzte, familiaren panteoian atseden hartzeko. Bihar, asteartea, Eukaristia ospatuko dute Donostiako Artzain Onaren Katedralean, 19:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa