Gizartea -

Suteak

Zer estaliko du etxe-aseguruak sute kasuan?

Sutea zerk eragin duen ezagutzean funtsezkoa izango da gure aseguruak zer estaltzen duen eta zer ez jakiteko. Gainera, jakin beharko da gure polizak edukitzailea, edukia ala biak estaltzen dituen, indemnizazioa aldatu egingo baita horren arabera.

Valentzian hondatutako eraikina. EFE.
Valentzian hondatutako eraikina. EFE.
Valentzian hondatutako eraikina. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi eraikun kixkali dituen Valentziako sute ikaragarriak galdera ugari pizten ditu, besteak beste, aseguruen inguruan, etxe-aseguruek estaltzen dituzten gauzak eta kanpo gelditzen direnak, esaterako, edota zer gertatzen den eraikina bertan bizi ezin izateraino hondatu denean. 

Sute-aseguru gehientsuenek prestazio komunak izaten dituzte, baina ez dira beti berdinak izaten. Edozein modutan, ezbeharra zerk eragindakoa izan den jakitea funtsezkoa da, jakiteko gure aseguruak zer estaltzen duen eta zer ez.  

Sute-estaldura duten etxe-aseguruek aseguratzen dituzten kalteak, berez, sugarrek eragiten dituztenak izan ohi dira. Suak etxebizitza osoa suntsi dezake, edo zati bat. Halaber, bereiztu egin behar dira aseguruetan eduki gisa ezagutzen dena (etxebizitza baten barruan dauden ondasun guztiak, hasi altzarietatik eta jantzi edo elikagaietaraino) eta edukitzailea (eraikin edo etxebizitza baten eraikuntzako eta egiturako elementu guztien multzoa). 

Oro har, aseguru-etxeak ordainduko duen gehiengo zenbatekoa polizaren baldintzetan zehaztuta egongo da; aseguru-etxe batzuek aseguratutako kapitalaren % 100 ere eskaintzen dute. 

Halaber, garrantzitsua da jakitea, polizak edukitzailea, edukia ala biak estaltzen dituen, indemnizazioa ere aldatu egingo baita horren arabera. Bata, bestea, ala biak izan, zerbait estalita dagoen jakiteko beharrezkoa izango da ezbeharra zerk eragin duen jakitea, bai eta eta sutea itzaltzeko gastuak barne hartzen dituen. 

Guztiz suntsitutako eraikina

Sute baten ondorioz etxebizitza guztiz suntsituta geratzen den kasuetan, etxe-jabeak bi aukera izaten ditu, poliza kobratu eta beste etxebizitza bat bilatzea edo, ahal den guztietan, etxea berreraikitzea.

Kasu horietan, etxe-aseguruek mugak ezartzen dizkiote erreklamatu daitekeen gehieneko kopuruari, baina poliza osatuenek beren gain hartzen dute etxebizitza berreraikitzearen kostu osoa.

Bestalde, ezbeharraren ondoren konponbide bat topatu bitartean, bizitzeko leku bat behar izaten dute etxerik gabe gelditu direnek, prozesu luze eta psikologikoki konplexua izaten dena. 

Askotan tokiko erakundeek edo senide, lagun eta bizilagunen elkartasunak laguntzen badute ere, badira konpainiak etxean konponketak egiten diren edo beste etxebizitza bat bilatzen den denboran ostatu (hotel edo apartamentu) baten kostua estaltzen dutenak.

Bestalde, gakoa izango da sutea ustekabekoa edo nahita eragindakoa izan den, azken kasu horretan erreklamazioak baztertu egiten baitira.

Ondoren, kalteen balantzea egiten da, eta poliza arduratzen da etxebizitza zaharberritzeaz.

Derrigorrezkoa al da etxe-aseguru bat kontratatzea Espainian?

Etxe-asegurua ez da nahitaezkoa egoera gehienetan. Hipotekarekin bakarrik bihurtzen da derrigorrezkoa, banketxeek suteen aurkako poliza bat eskatzen baitute hipoteka-kreditua eskuratzeko baldintza gisa.

Hala ere, Espainian eskari handiena duen aseguruetako bat da, auto-aseguruaren atzetik; aseguru hori, bai, nahitaezkoa da.

Gainera, bizilagunen komunitateek ere aseguruak izaten dituzte eremu komunetan sortutako arazoak estaltzeko, eta, beraz, sutearen jatorriaren arabera, aseguru batek edo besteak hartuko du bere gain ezbeharra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Valentziako Erkidegoa