Gizartea -

Reala-PSG

Donostia prest, Pariseko jarraitzaileak hartzeko, "arrisku handikotzat" jotako norgehiagokan

Garraio publikoarentzat eta larrialdi zerbitzuentzat pasabideak irekiko dituzte. Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak "arrisku handiko" partidatzat jo dute.

Segurtasun neurriak Donostian, Reala-PSG partida dela eta. Argazkia: Donostiako Udala
Segurtasun neurriak Donostian, Reala-PSG partida dela eta. Argazkia: Donostiako Udala
Segurtasun neurriak Donostian, Reala-PSG partida dela eta. Argazkia: Donostiako Udala

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak segurtasun-neurri bereziak hartuko dituzte gaur Realak eta PSGk Reale Arenan jokatuko duten Txapeldunen Ligako partida dela eta.

Hala, Martin Ibabe Donostiako Kirol, Herritarren Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotziak azaldu duenez, "trafiko etenaldi handia" egingo dute Amara inguruan 19:00etatik aurrera, eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin du.

Azpimarratu duenez, "segurtasuna bermatzeko" neurria da, eta trafikoa etenda egongo bada ere, pasabideak irekiko dituzte garraio publikoarentzat eta larrialdi zerbitzuentzat, ospitalera iristeko, besteak beste.

"Arriskun handiko" norgehiagoka

Frantziako taldearen jarraitzaileak bertaratuko direla eta partida nazioarte mailakoa dela kontuan hartuta, norgehiagoka "arrisku handikoa" ebatzi dute agintariek.

Iragan ostegunean bilera egin zuten Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren, Donostiako Udalaren eta Realaren ordezkariek, segurtasuna eta herritarren egunerokotasuna bermatzeko neurriak ezartzeko.

Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak zabaldutako oharraren arabera, neurriak hiri osoan hartuko badira ere, batez ere Reale Arena estadioaren inguruko zirkulazioan izango du eragina, Amaran.

Trafikoari itxitako eremua. Argazkia: Donostiako Udala

Horrela, bada, ibilgailuen joan-etorria galarazita egongo da zonalde horretan, 19:00etatik 21:00etara bitartean.  

Horrez gain, Amara Berri inguruan ere, Pio XII plazaren eta estadioaren artean, 19:00etatik aurrera, debekatuta egongo da zirkulazioa ibilgailuentzat, garraio publikoarentzat eta larrialdietako zerbitzuentzat izan ezik.

Neurri nagusiak asteartean jarriko badituzte ere, segurtasun dispositiboan astelehenetik egongo da martxan.

Testuinguru horretan, agintariek garraio publikoa erabiltzeko eta estadiora denboraz joateko deia egin dute.

Hain zuzen ere, trafikoa galarazita egongo den arren, pasabideak irekiko dituzte garraio publikoarentzat eta larrialdi zerbitzuentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostiako Udala Futbola Kirolak Txapeldunen Liga Reala Donostia Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak