Gizartea -

Xabierrerako erromesaldia

Milaka lagun doaz Xabierrerantz, igande honetan aurtengo bi erromesaldietako lehenari amaiera emateko

Oinez, bizikletaz, patinetan zein zaldi gainean, milaka lagun ari dira pixkanaka Xabierrera gerturatzen, Nafarroako zaindairaren jaioterrira. Arreta eta segurtasun dispositibo sendoa jarri da martxan, 200 boluntario, 343 foruzain, Babes Zibileko kide eta udaltzainez osatutakoa.

Erromesak Xabierrerantz, larunbat honetan. EFE.
Erromesak Xabierrerantz, larunbat honetan. EFE.
Erromesak Xabierrerantz, larunbat honetan. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun Xabierrera bidean dira dagoeneko, igande honetan 2024ko lehen erromesaldiari amaiera emateko.

Gehien-gehienak oinez doaz, baina batzuek bizikleta, patinak edo zaldia aukeratu dute Nafarroako zaindariaren sorlekura erromesaldi tradizional hau egiteko. Nafarroako elizbarrutiak sustatutako 83. erromesaldia da aurtengoa. Erromesaldirako bulkadak hainbat izan daitezke: tradizioa, fedea, kirola, bizikidetza, promesa edota erronka pertsonalak.

Gaur, egunaren amaieran, Foruzaingoak 4.810 erromes, 29 autobus eta 850 auto zenbatu ditu. Gurutze Gorriak, berriz, 246 lagun artatu ditu arratsalde amaierara arte.

Erriberatik atera ziren lehen erromesak ostegunean, eta ordutik, etapaz etapa, Xabierrera gerturatzen ari dira. Zangozatik, Iruñetik, handik eta hemendik abiatutakoak hurbiltzen doazen heinean, erromes andana biltzen joan ohi da. 

Gaur, ateri zela abiatu dira, eta zeruak lehen orduetan eutsi die, baina orduak igaro ahala, euria gero eta ugariagoa izan da, eta erromes asko harrapatu dituzte zaparradek. Bideko oztopo guztiak gaindituko dituzte gehienek bihar Xabierren izateko.

Explanada de Javier, hoy. EFE.

2024ko Xabierrerako lehen erromesaldia igandean amaituko da, 10:00etan, Xabierko gaztelu-atarian egingo den mezarekin. Hara iritsiko da 08:00etan Zangozan abiatuko den gurutze-bidea. Florencio Roselló Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzain berriak lehen aldiz eskainiko du Nafarroako tradizio eta errotze handieneko eukaristia. 

Aurtengo bigarren erromesaldia datorren larunbatean izango da. Lehenengoan ez bezala, egun bakarrean egiten dute bigarren erromesaldi hori, eta askoz ere jendetsuagoa izan ohi da. Iaz, esaterako, 16.000 lagun izan ziren bigarren asteburuan eta 4.700 lehenengoan. 

Arreta eta segurtasun dispositiboa

Ostiralean bezala, Gurutze Gorriaren 200 boluntario baino gehiago biltzen dituen dispositiboa abiatu dute berriro larunbat honetan, 07:00etan, eta igandeko 13:00ak arte izango da abian, Iruñetik eta Erriberriko merindadetik Xabierrera doazen bi errepideetan 10 arreta-puntu jarrita. 

Iazko erromesaldietan, Gurutze Gorriak 376 pertsona artatu zituen lehen asteburuan. DYAk ere parte hartzen du dispositiboan.

Segurtasunari dagokionez, 343 foruzain daude mobilizatuta, airetik koordinatu eta zaintza-lanak egiteko drone eta helikoptero eta guzti. Guardia Zibilak unitate ezberdinetako 642 agente ditu mobilizatuta.

Xabierrerako bidea zeharkatzen duten herrietako udaltzainak ere daude dispositiboan inplikatuta, eta Babes Zibilak ere parte hartzen du, Nafarroako Boluntarioen Elkartearen (ASVONA) laguntzarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa