Gizartea -
MADRILEN
Nafar bat larri dago, San Sebastian de los Reyesen zezenak harrapatuta
30 urteko gizonak 10 zentimetroko adarkada jaso du hirugarren entzierroan parte hartzen zegoen bitartean.
Erredakzioa
Bi korrikalari zauritu dira San Sebastián de los Reyeseko (Madril) hirugarren entzierroan; 30 urteko nafar bat, larri. Horiez gain, beste hamaika lagunek kolpeak jaso dituzte, herri horretako festetako antolatzaileek adierazi dutenaren arabera.
Nafarroako 30 urteko gizonezko bat larri zaurituta dago, zezen batek 10 zentimetroko adarkada eman baitio ipurmasailean. Ebakuntza zezen-plazan bertan egin behar izan diote.
Beste zauritua 27 urteko valentziar bat da; zezen batek adarkada txiki bat eman dio bizkarrean. Medikuek artatu ondoren, etxera joateko baimena eman diote jada.
Biak Real kalean harrapatu dituzte zezenek. Abereak Madrilgo Colmenar del Arroyo herriko El Estoque ganadutegikoak dira.
Entzierroetako artzain baten arabera, “entzierro aparta eta bizia izan da, eta lasterketa serioa eta luzea”.