Gizartea -
Legazpi
Dena prest igandean Legazpin egingo den Gipuzkoako Artzain Egunerako
Dagoeneko aurkeztu da 2012ko Gipuzkoako Artzain Eguna. Aurten, euskal gizartean horren garrantzitsua den sektore honetan emakumezkoek duten lana goraipatu nahi izan dute.
Erredakzioa
Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapenerako zuzendariak eta Aitor Uribetxeberria Legazpiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak igandean Legazpin egingo den Gipuzkoako Artzain Egunaren egitaraua aurkeztu dute. Lizarraldek sektorean emakumeek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta Uribetxeberriak, berriz, igandean denok Legazpira joateko deia luzatu du.
Ines Argaratek eta Arantza Segurolak ere parte hartu dute aurkezpenean, euren senarrekin batera gaztagintzan eta gaztaren salmentan aritzen diren bi legazpiarrek, hain zuzen ere. Segurolaren arabera lan honetan jarduteko “artzainen lanbidea gustatu egin behar zaizu”. Argaratek, euren egunerokotasunaren berri emateaz gain, “nire gizonak eta biok lan bera egiten dugu” esan du.
Igandean ardiak eta artzainak izango dira eguneko protagonistak. Jaia goizeko 10:00etan hasiko da, orduan irekiko baitira postuak. Hortik aurrera giro ona izango da jaun eta jabe Legazpiko Euskal Herria enparantzan. Gipuzkoako Artzai Gazta 28. lehiaketa, gipuzkoako artzainei omenaldiak edo Idiazabal Jatorri Izendapenari egingo zaion aitortza bere 25. urteurrenean izango dira, besteak beste, Legazpira gerturatzen denak topatuko dituen ekitaldietako batzuk . Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako 44. Artzain Txakurren Txapelketa egingo da.