Gizartea -
Gipuzkoa
Atzo Irunen indarkeria zantzuekin aurkitu zuten gorpuaren kasua ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak
Datozen orduetan egingo diote autopsia gizonaren hilotzari, eta oraindik ez da atxiloketarik izan.
agencias | eitb media
Atzo Irungo San Miguel auzoan indarkeria zantzuekin aurkitu zuten gorpuaren kasua ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak. Datozen orduetan egingo diote autopsia gizonaren hilotzari, eta oraindik ez da atxiloketarik izan.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez, 08:20 aldera aurkitu zuten gorpua, Larrialdi Zerbitzuek Irungo San Miguel auzoko zelai batean hilotz bat agertu zela jakin ondoren.
Hilotza San Miguel eta Anaka auzoak banatzen dituen zelai eta baratze eremu batean zegoen, Leka Enea ikastetxetik eta Donostia kaleko aparkalekutik gertu.
Hainbat lekukok jakitera eman zutenez, hildakoa gizonezko gazte bat zen, eta indarkeria zantzu nabarmenak zituen gorputzean.
Ertzaintzako hamar bat agentek eta unitate zientifikoko beste hainbeste kidek goiz osoa eman zuten atzo ikerketan lagun dezaketen arrastoak bilatzen, identifikatzen eta sailkatzen.
Auzitegiko mediku bat eta hileta-ibilgailu bat ere bertaratu ziren, eta 15:20an eraman zuten gorpua, auzitegiko medikuak autopsia egin diezaion.