Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
EHUko tasak izoztuta mantenduko dira hamargarren urtez jarraian, nahiz eta KPI igo
Gainera, laguntza jasotzeko eskubidea izateko errentaren muga % 5 handituko da, baita ikasketak ohiko bizilekutik kanpo egiten dituzten ikasleek jasoko duten diru kopurua ere.
Agentziak | EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) tasa guztiek bere horretan jarraituko dute datorren ikasturtean ere. Honenbestez, izoztuta jarraituko dute, hamargarren urtez jarraian.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur aurkeztu du unibertsitateko irakaskuntza publikoa koordinatzeko kontseiluaren aurrean 2024-2025 ikasturterako prezioen proposamena.
Jokin Bildarratz sailburuak aurkeztutako proposamena onartu egin da. Horrela, lehenengo matrikularen prezioa 2011-2012 ikasturteko berbera izango da, nahiz eta KPI % 34 igo den ordutik, Hezkuntza Sailak gogorarazi duenez.
Gainera, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak unibertsitatean ikasteko beken eta laguntzen deialdi berria ere onartu du datorren ikasturterako.
Deialdi honetan, laguntza jasotzeko eskubidea izateko errentaren muga % 5 handituko da, bai eta ikasketak ohiko bizilekutik kanpo egiten dituzten ikasleek jasoko duten diru kopurua ere.