Gizartea -
SANFERMINAK 2024
Zabalik da 2024ko Sanferminetako txupinazoa botatzeko hautagaitzak aurkezteko epea
Maiatzaren 19ra arteko epea izango dute herritarrek proposamenak aurkezteko, eta bozketa 27tik aurrera egingo da, bi astez.
EITB MEDIA
Astelehen honetan (maiatzak 6) zabaldu da 2024ko Iruñeko Sanferminetako txupinazoa botatzeko hautagaitzak aurkezteko epea. "Sanferminetako Mahaiak proposatuko du eta herritarrek aukeratuko dute", esan du Iruñeko Udalak.
Parte-hartze prozesurako ezarritako araudiaren arabera, Sanferminetako Mahai Orokorrean ordezkaritza duten taldeek hautagaitza bana aurkezteko aukera izango dute (pertsona bat edo talde bat); proposamenarekin batera, kontuan hartzeko merituak zeintzuk diren azaldu beharko dituzte idatzi batean.
Proposatutako pertsona edo talde horrek maila sozialean, kulturalean, akademikoan edota zientifikoan egindako ekarpenarekin zerikusia izan behar dute aurkeztuko diren merituek. Alderdi politikoek zein ordezkari politikoek ezingo dute hautagaitzarik aurkeztu.
Aurrena, Batzorde Tekniko batek aztertuko ditu hautagaitza guztiak, eta behin galbahe hori igarota, maiatzaren 22an Sanferminetako Mahai Orokorrera helaraziko da zerrenda. Han, bozketa bidez, bost hautagaitza aukeratuko dira.
Ondoren, Udaleko web orrian emango dira ezagutzera bost finalistak zeintzuk diren, eta maiatzaren 27tik aurrera herritarrek botoa emateko aukera zabalduko da, ekainaren 9ra arte.
Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek izango dute bozketan parte-hartzeko aukera. Hiru modu egongo dira horretarako: hiriko Civivox bulegoetan egongo diren hautestontzietan, 010 Herritarren Arretarako Telefonoaren bidez eta Udaleko web orrian ipiniko duten estekara sartuta.