Gizartea -
Nafarroa
Nafar herritarren % 26,7k dute euskararen ezagueraren bat, eta % 15,1ek hitz egiten dute
Euskaraz berba egiten dutenen portzentajea % 25etik gorakoa da 24 urtetik beherakoen kasuan. Adinak aurrera egin ahala, behera egiten du euskal hiztunen kopuruak. 65 urtetik gorakoetan, adibidez, % 8,3k hitz egiten dute.
EITB MEDIA
Nafarroako herritarren % 15,1ek euskaraz hitz egiten dute, eta % 11,3k ulertu. Bestalde, % 73,3 ez da euskalduna, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako 2022ko datuen arabera.
2021eko datuekin alderatuta, bi hamarren hazi da euskaradunen portzentajea. Emakumezkoen eta gizonezkoen artean ez da apenas ezberdintasunik.
2022an, euskaraz berba egiten zutenen portzentajea % 25etik gorakoa zen 24 urtetik beherakoen kasuan. Adinak aurrera egin ahala, behera egiten zuen euskal hiztunen kopuruak. 65 urtetik gorakoetan, adibidez, % 8,3k hitz egiten zuten euskaraz duela bi urte.
25 urtez azpikoen artean, ez zen 2022tik 2023ra ia aldaketarik egon. Ordea, adin erdikoen artean gorakada nabaritu zen.
Hain zuzen ere, 25 eta 34 urte bitartekoetan izan zuen hazkunderik handiena euskaraz hitz egiten dutenen portzentajeak —zazpi hamarren 2021etik— (% 18,9tik % 19,6ra.) 35 eta 44 urte bitartekoen taldean sei hamarren igo zen portzentajea, % 13,1era arte, eta 45 eta 54 urte artekoetan bost hamarren, % 10,6ra arte.
55 urtetik gorakoen kasuan, ostera, ez zen aldaketarik igarri
Udalerriei dagokienez, Urrotzen dago euskaradun gehien (% 95,9), Arantza (% 91,8) eta Araitz (% 90,5) atzetik dituela. Aitzitik, badira 18 udalerri non portzentajea ez den % 1era iristen. Horiek guztiak, bat salbu (eremu mistoan dago), eremu ez euskaldunean daude.