Gizartea -
Hondarribiko alardea
Ibilbidea berreskuratu eta konpainia mistoa istilurik gabe abiatu da
Jaizkibel konpainiak kapitain berria du, Izaskun Larruskain, eta aurten betiko alardearen ibilbide bera egin ahal izan dute.
Erredakzioa
Jaizkibel konpainia mistoaren parte hartzaileak izan dira goiztiarrenak eta 08:25ean atera dira Alamedatik. 250 parte hartzaile inguru, horien artean, soldaduz jantzitako emakumeak, Hondarribiko egun handiko festaz gozatzen ari dira.
Aurten gainera, beste urteetako debekuak gaindituta, betiko alardearen ibilbide bera egin ahal izango dute Jaizkibel konpainiakoek. Aurtengo beste nobedadea, kapitaina: Izaskun Larruskain izan da burua. Kapitain berriak adierazi duenez, desfilea "oso ongi eta arazorik gabe igaro da, kale Nagusian izan ezik".
Bestalde, aurten ere, Emakundek babesa adierazi dio Jaizkibel konpainia mistoari eta Hondarribiko arkupetan izango da Maria Silvestre zuzendaria. Jaietan berdintasuna lortzeko bidean urratsik eman ez izana leporatu die Emakundek Irungo eta Hondarribiko udal gobernuei. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere bertan dago konpainia mistoari elkartasuna adieraziz, baita Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia ere.Aralarrek eta IU-Ezker Anitzak ere elkartasuna adierazi diete.
Ordu erdi beranduago, 09:00ak aldera, betiko alardeko kideak atera dira. 5.000 gizonezko baino gehiago 20 konpainia ezberdinetan banatuta, bakoitzak bere kantinera buru duela.
Hondarribiak 1638. urtean amaitu zen herriaren setioa ospatzen du urtero irailaren 8an.