Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Gizon bat atxilotu dute Hazparnen, Irunen apirilean izandako hilketaren egilea delakoan
Atxilotua Irungo Epaitegira eraman dute goizean, eta deklarazioa hartu ondoren, epaileak espetxera bidali du. Indarkeria zantzuak zituen hilda aurkitu zuten gizonezkoak.
EITB MEDIA
40 urte inguruko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Hazparnen (Lapurdi), joan den hilean Irunen izandako hilketaren egilea delakoan. Indarkeria zantzuekin aurkitu zuten gorpua San Miguel auzoko baratze eremu batean, apirilaren 14an.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, atxilotutako gizonezkoa Irungo Epaitegira eraman dute gaur goizean, eta deklarazioa hartu ondoren, zaintzako epaileak espetxera bidali du. Ertzaintzak eta Jendarmeriak elkarlanean burutu dute operazioa.
Ikerketako iturriek azaldu dute susmagarria identifikatu eta Lapurdin bizi zela jakin zutenean, Irungo Epaitegira igorri zutela informazioa eta epaileak ustezko hiltzailea atxilotzeko eta entregatzeko euroagindua eman zuela.
Apirilaren 14an aurkitu zuten gorpua San Miguel eta Anaka auzoak banatzen dituen zelai batean. 30 bat urteko gizonezko magrebtar bat zen hildakoa.