Gizartea -
HILKETA
Suminduta esnatu da Getxo, atzo 23 urteko bizilagun bat labankatuta hil ondoren
Hilketarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako bost adin txikikoek polizia-etxean jarraitzen dute, epailearen aurrera noiz eramango zain.
EITB MEDIA
Lore-sortak eta kandelak daude atzotik Getxoko Satistegi plazan, larunbat gauerdian labandakaz hil zuten 23 urteko bizilaguna gogoratzeko. Ehunka pertsona elkartu ziren atzo hilketa izan zen tokian, biktima gogoratu eta gertatutakoa salatzeko.
Larunbatean, 23:30 inguruan, izan zen erasoa. Taberna inguru batean, gazte batek beste bati arma zuriz egin zion eraso. Biktima larri zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera, eta bertan hil zen geroago.
Ordu inguru horretan, Ertzaintzak, Getxoko Udaltzaingoarekin batera, ustez erasoan parte hartu zuten bost adingabe atxilotu zituen Algortako metroko geltokian. Horrez gain, odol arrastoak zituzten bi labana ere aurkitu zituzten geltokian bertan dagoen zaborrontzi batean.
Polizia-etxean jarraitzen dute bost atxilotuak, eta ondorengo orduotan eramango dituzte epailearen aurrera deklaratzera.
Amaia Agirre Getxoko alkateak irmo gaitzetsi zuen gertatutakoa, Getxo "herri baketsua eta anitza" dela nabarmenduz. "Zoritxarrez esan beharra dago gertatutakoa Getxon ez dugula onartzen, ez ditugula horrelako jokabideak onartzen, gaitzetsi egiten ditugula", esan zuen.