Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Sexu erasoak Getxon, ministro arabiarrak Madrilen eta Caritasen txostena
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko maiatzaren 29an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Sexu erasoak Getxon: Getxoko Europa ikastetxeko irakasle bat salatu dute, lau urteko lau neskari sexu erasoak egitea egotzita. Irakaslea Europa ikastetxetik apartatu egin dute, eta zuzendaritzatik adierazi dute hezkuntzako ikuskariekin eta Poliziarekin elkarlanean ari direla, "zantzuen berri izan duten lehen momentutik". Hala ere, kezka nabaria da gurasoen artean, eta neurriak berandu hartu izana egotzi diote zentroari. Salatzaileetako batek eskolaren jarrera eta jasotako babes eskasa kritikatu ditu.
- Ministro arabiarrak Madrilen: Espainiako Gobernuak Palestina estatu gisa ofizialki onartu eta biharamunean, Mohamed Mustafa Palestinako lehen ministroa eta Gazarako harremanetarako taldea (OCI) osatzen duten ministroetako batzuk Madrilera joango dira. Zehazki, Mohamed bin Abdulrahman bin Jassim al Thani Qatargo lehen ministro eta Atzerri ministroa, Ayman Safadi Jordaniako lehen ministrorde eta Atzerri ministroa, Faisal bin Farhan Saudi Arabiako Atzerri ministroa, Hakan Fidan Turkiako homologoa eta Ibrahim Taha OCIko idazkari nagusia joango dira.
- Caritasen txostena: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Caritasen 2023ko txostenak aurkeztuko dituzte, gaur, aldi berean, (10:00etan) Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzten prentsaurrekoetan.