Gizartea -
Nafarroa
Apartamentu turistikoetako sarrailak erabilezin utzi dituzte Iruñean
Nafarroako Apartamentu Turistikoen Elkarteak salatu duenez, kandadu motako sarrailak silikonarekin eta itsasgarriarekin saboteatu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Apartamentu Turistikoen Elkarteak larunbat honetan salatu duenez, etxeetara sartzeko erabiltzen diren kandaduen sarrailak erabilezin utzi dituzte, silikonarekin eta itsasgarriarekin sabotatuta.
"Sabotaje horrek modu larrian eten du pertsonak hirira etortzeko prozesua, tokiko turismorako ezinbestekoa den jarduerari eraginez", adierazi du elkarteak ohar batean. Nabarmendu duenez, "ekintza horiek legalki jarduten duten apartamentu turistikoen aurkakoak" dira.
Egoera horrek, "bisitariei eragozpen nabarmenak eragiteaz gain, Iruñeko sektore turistikoaren irudiari eta funtzionamenduari egiten die kalte", adierazi du.
Gertakariei erantzunez, elkarteak salaketa aurkeztuko duela iragarri du, eta ikerketa sakona eskatuko duela, "ekintza horien erantzuleak identifikatzeko eta zigortzeko".
"Gure bisitarien segurtasuna eta erosotasuna eta gure jardueren osotasuna dira lehentasun nagusiak, eta ez dugu horiek konprometitzen duen ekintzarik onartuko", azpimarratu du.
Elkarteak harremanetan jartzeko deia egin die Iruñeko apartamentu turistikoen jabeei; izan ere, "funtsezkoa da indarrak batzea eta salaketa bateratua aurkeztea, ekintza bandaliko horien larritasuna eta irismena erakusteko".