Gizartea -
Istripua
Txakur batek 2 urteko haur bati eraso dio Malagan
Haurrari ebakuntza egin diote, aurpegiko zauriak sendatzeko. Osasun langileen arabera, egonkor dago, eta atseden hartzera eraman dute, logela arrunt batera.
Erredakzioa
Malagan, txakur batek 2 urteko neska bati hozka egin zion atzo, eta zauri handiak egin zizkion aurpegian. Biktima Malagako Ama-Haurren Ospitaleko larrialdi zerbitzura eraman zuten segituan, eta, lehen esplorazioaren ondotik, Pediatriako Kirurgiako langileen eskuetan gelditu zen haurra.
Neskari ebakuntza egin zioten, zauriak itxi eta animaliak aurpegian egindako kalteak konpontzeko. Halaber, osasun langileek Europa Press agentziari jakinarazi diotenez, haurra egonkor dago, eta logela arrunt batean atseden hartzera eraman zuten.
Bestalde, Malagako erietxeak gertakariak azaltzeko txosten bat prestatu du, ondoren Poliziak gertaturikoa ikertzeko.
Jarraibide batzuk daude, txakur batek pertsona bati eraso egiten dionerako. Kasu horretan, animalia harrapatu eta berrogeialdian jarri behar da, gaixotasunik ez duela egiaztatzeko. Gainera, animaliak jaberik duen edo abandonatuta dagoen ikusi eta arauzko txertoak jarrita dituen egiaztatu behar da.