Gizartea -
Sanferminak 2024
Jaia lehertu da Iruñean
Duguna dantza taldeko kideek piztu dute suziriaren metxa, 12:00etan, eta bederatzi egun iraungo duen jaia lehertu da orduan.
EITB Media
Hunkituta bota dute Duguna dantza taldeko kideek aurtengo sanferminei hasiera eman dion suziria. 12:00etan puntu-puntuan piztu dute metxa, eta orduan lehertu da festa, eguraldiak ere horretarako baimena emanda.
"Pamplonesas, pamploneses: ¡Viva San Fermín!, Gora San Fermín!" formula aukeratu dute Dugunako ordezkariek jaien hasiera iragartzeko. Taldearen ordezkari gisa, Aritz Ibañez Dugunako zuzendaria, Angel Arana elkarteko presidentea eta Itxaso Martinez de la Pera dantzaria izan dira. Horiek piztu dute metxa Udaletxeko balkoian, jendez gainezka zegoen plazaren aurrean. Horrela ekin diote bederatzi eguneko festa etengabeari.
Azken orduotan ekaitz gogorrak izan ostean, eguraldiak jaiei hasiera eman dien unea errespetatu du eta ez du euririk egin. Iruindarrek eta kanpotarrek pozez oihukatu dute 'Gora San Fermin', eta zapi gorria lepoan lotuta ekin diote festari.
Bederatzi eguneko egitaraua
Festa hasi besterik ez da egin, eta ehunka ekitaldi izango dira uztailaren 14ra bitartean. Musikak eta tradizioek bat egingo dute Nafarroako hiriburuan. Kontzertuak izango dira Foruen plazan eta Gazteluko plazan, eta gaiteroak, txistulariak eta musika bandak ikusteko aukera izango da kaleetan barrena.
Etxeko txikienek ere izango dute festaz gozatzeko aukera. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte horientzat, baina, dudarik gabe, erraldoi eta buruhandien konpartsak erakarriko ditu gehien.
Goizero, entzierroak izango dira Iruñean. Uztailaren 7tik 14ra egingo dira, eta EITBk zuzenean emango ditu egunero, 07:45etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.