Gizartea -

2012-2013 ikasturtea

Lopezek hasiera eman dio Mondragon Unibertsitatearen ikasturteari

Astelehen honetan irekiko ditu ateak Ikus-entzunezko Komunikazioari Aretxabaletan eskainitako campus berriak. Gainera, Arrasateko fakultateak ingeniaritzako hiru gradu berri eskainiko ditu.

Iosu Zabala MUko errektorea eta Patxi Lopez lehendakaria. Argazkia: EFE
Iosu Zabala MUko errektorea eta Patxi Lopez lehendakaria.
Mondragon Unibertsitateak hasiera eman dio ikasturte berriari

00:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakaria Mondragon Unibertsitatearen (MU) 2012-2013 ikasturtearen inaugurazio ekitaldian izan da gaur goizean. Harekin batera, Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Iosu Zabala MUko errektorea, Pedro Urteaga MUko lehendakariordea eta Idoia Peñacoba MUko idazkari nagusia izan dira Basque Culinary Center (BCC) fakultatean, Donostian. Gainera, Iñaki Alava BCCko Ikerketa eta Garapen Saileko zuzendariak ikasgai txiki bat eman die bertan bildu diren guztiei “Gastronomia zientzia biokimikaren baitan” izenburupean.

Basque Culinary Center guneak “euskal kultura gastronomiko apartari etekina ateratzen dio, bertakoa zaintzen du”, Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan. Era berean, “kalitatezko hezkuntza eskaintza” du ardatz, eta “guztiok herri gisa egin beharko genukeenaren adibide da”.

Iosu Zabala MUko errektoreak unibertsitateak “euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzeko eta enplegagarritasuna sustatzeko” lan egiten duela azpimarratu du. Arduradun nagusiak MUk 2012-2013 ikasturtera begira dituen berritasunak eta unibertsitatearen etorkizuneko erronkak aipatu ditu. Gaur irekiko ditu ateak, esaterako, Aretxabaletako Ikus-entzunezkoen fakultateak. Bestalde, Lidergo Ekintzailea eta Innobazioa (LEINN) gradua “bakarra da Espainian”, eta aurten amaituko dute lehen ikasleek. Halaber, gradu hori izaten ari den arrakastaren lekuko dira Madrilen eta Holandan eskainiko diren moduluak.

Berritasunak

Mondragon Unibertsitateak hiru ingeniaritza gradu berri eskainiko ditu 2013-2014 ikasturtetik aurrera: osasunari lotutako bat Arrasaten, eta energiari eta jasangarritasunari buruzko beste bi, Galarretan, Orona taldea egiten ari den Ideo Innovation Cityn.

Idoia Peñacoba MUko idazkari nagusiak 2011-2012 ikasturtearen errepasoa egin du zenbakitan, eta iaz 3.527 ikasle izan zituztela, eta 12 gradu-titulu eta 30 titulu propio baino gehiago eskaini zituztela azpimarratu du.

MU Laminitec proiektuaren burua da, eta Latinoamerikako graduko, graduondoko, doktoretzako eta doktoratu ondoko ikasleen mugikortasuna ahalbidetzea du helburu. Proiektuak 3,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, horri esker, 124 ikasle lekuz mugituko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea