Gizartea -
Bizkaia
Espainiatik kanporatu dute Algortan 4 urteko neskato bati sexu erasoa egitea leporatzen dioten gizona
Gizon horri Barakaldon beste sexu eraso bat egitea egozten diote. Aurrez, bi aldiz atxilotu zuten Valentzian, indarkeriaz egindako lapurretengatik.
EITB Media
Espainiatik Marokora kanporatu dute, 4 urteko neskato bati Algortan sexu erasoa egitea egotzita pasa den martxoan atxilotutako gizona, Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez. Horrekin batera, egoera irregularrean zeuden beste bederatzi gizon kanporatu dituzte. Horiek guztiek Bizkaian eta beste hainbat tokitan egindako delituengatik aurrekariak zituzten. Hamar pertsona horietako bederatzik nazionalitate marokoarra dute, eta hamargarrenak, berriz, brasildarra.
Kanporatu dituzten guztiak hainbat aldiz atxilotuak izan dira, era guztietako delituengatik: sexu erasoa, tratu txarrak, indarkeriaz egindako lapurreta, droga trafikoa, lesioak, indarrez egindako lapurreta, ebasketa, terrorismoaren apologia edota biktimen umiliazioa.
Horien artean dago Algortako (Getxo) San Nikolas plazako parkean gertaturiko sexu erasoaren ustezko egilea ere. Gizon horri Barakaldon beste sexu eraso bat egitea egozten diote. Aurrez, bi aldiz atxilotu zuten Valentzian, indarkeriaz egindako lapurretengatik.
Horrez gain, Sodupen ETAren aldeko pintadak egitea leporatzen dioten gizona Brasilen esku utzi dute. Gainera, hainbat deliturengatik aurrekariak zituen.
Bilboko Udaltzaingoak droga trafikoagatik zortzi aldiz atxilotu zuen gizon bat ere kanporatu dute.