Gizartea -

LAPURRETA GASTEIZEN

Bost pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, su-armak ostea egotzita

Atxilotuak 18 eta 19 urteko gizonezkoak dira, eta su-arma zaharrak, material informatikoa eta beste objetu batzuk lapurtu omen dituzte.

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bost gazte atxilotu ditu azken orduotan, Gasteizko pisu batetik su-arma zaharrak, material informatikoa eta beste objektu batzuk lapurtzea egotzita.

Herrizaingo Sailak azaldu duenez, atzo bertan atxilotu zituzten, baina gertakariak irailaren 2an jazo ziren, Gasteizko alde zaharrean.

Etxebizitzaren jabeak lapurreta izan zen egunean bertan jarri zuen salaketa, eta bertara joan ziren agenteek atea indarrez irekita zegoela egiaztatu zuten.

Biktimak etxean zituen su-arma zaharrak, material informatikoa, erreminta ugari eta bestelako objektu batzuk ostu zizkiotela salatu zuen.

Etxea aztertu ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, lapurretaren ustezko egileak identifikatze aldera, eta atzo bertan atxilotu zituzten. Gainera, ostutako gaietako batzuk atzeman zizkioten horietako bati.

Atxilotuak polizia-egoitza batera eraman zituzten, indarkeriaz lapurreta egin izana egotzita. Hurrengo orduetan, epailearen esku utziko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea