Gizartea -
Hegazkin istripua
Madrileko Auzitegiak Spanairren istripuko auzi penala artxibatu du
Istripuko arduradunak pilotuak izan zirela ondorioztatu du Auzitegiak, eta hilda daudenez, auzi zibila ireki dute Spanairren aurka.
Erredakzioa
2008ko abuztuaren 20an Madrileko Barajas aireportuan gertatu zen istripuarengatik orain lau urte hasi zen auzi penala artxibatu du Madrileko Probintzia Auzitegiko 15. sekzioak. Istripuan 154 pertsona hil eta 18 zauritu ziren.
Pilar de Prada eta Carlos Fraile epaileek gaur jakinarazi duten epaiaren arabera, Felipe G. eta Jose Antonio V. teknikoen aurkako inputazioa bertan behera gelditu da. Bi hauei egozten zieten 154 lagunen zuhurtziagabekeriazko giza hilketa.
Javier Perez epaileak RAT zundaren kalefakzioa deskonektatzea egotzi zien, baina ez dago esaterik, epaileen ustez, hori egiteak TOWS sistemari (alarma sistema) eragin zionik.
Epaileen iritzian, mekanikariak errugabeak dira, istripuaren arduradunak pilotuak baitira; izan ere, hegazkinak gora egiteko behar dituen flap eta slat aleroiak zabaltzea ahaztu zutela ebatzi dute.
Biktimei kalte ordainak emateko auzi zibila hasi dute orain. Pilotuak hilda daudenez, erantzukizuna konpainiak duela ondorioztatu dute, beraz Spanairren aurkako auzi zibila hasi da.
Familiak haserre
Spanairren istripuaren biktimen senitartekoen abokatuak "desengainua" azaldu du, eta auzi zibilak kalte ordainen kopurua % 50 gutxitzea esan nahi duela azaldu du.
Datozen egunetan Auzitegiaren epaiaren aurka helegitea jartzea ikertuko dutela gaineratu du.
Pilotuen Eskola
Pilotuen eskolaren iritziz "aireko segurtasunarentzat porrota" da, ardura pilotuei bakarrik egoztea, "praktika txarren katean ikertu nahi ez izatea delako"