Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Mpox: erkidegoekin bilera, Alderdi Demokrataren Konbentzioa eta uztaileko turismo datuak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 21ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Mpox: autonomia erkidegoekin bilera: Espainiako Osasun Publikorako Batzordeak bilera deitu du gaurko, autonomia erkidegoekin batera aztertzeko mpox birusaren txertatze protokoloa eta kontrola eta zaintza areagotzeko neurriak aldatzen ote dituzten, Mundu Osasun Erakundeak nazioartean larrialdia ezarri ostean. Eusko Jaurlaritzak txertatze programan jasota dauden aholkuei eustea eta protokoloa eguneratzea defendatuko du. Nafarroako Gobernuak ez du proposamen berezirik egingo gaurko bileran, martxan dauden prebentzio eta informazio neurriez harago.
- Alderdi Demokrataren Konbentzioa: Chicagon egiten ari diren Demokraten Batzarreko bigarren egunean obamatarrak izan dira hizlari nagusiak. Barack Obama AEBko presidente ohiak (2009-2017) "kapitulu berri" bat irekitzea eskatu du Kamala Harris hautagai demokrata Etxe Zurira heltzeko, eta Donald Trumpen aroa atzean uzteko. Ostegunean Kamala Harris izendatuko dute, ofizialki, demokraten presidentegai gisa.
- Uztaileko turismo datuak: Eustat Euskal Estatistika Institutuak EAEko establezimendu turistikoen uztaileko okupazio datuak argitaratuko ditu: hotelak, ostatuak eta landetxeak, apartamentu turistikoak eta aterpetxe turistikoak. Inkestan aldagai nagusi hauek aztertzen dira: bidaiarien kopurua, igarotako gauen kopurua, batez besteko egonaldia eta okupazio-maila, plazak eta logelak kontuan hartuta.