Gizartea -

120 km/h arteko boladak

Bi pertsona zauritu dira Bilbon, haize denboralearen ondorioz

Zauritutakoak AEBetako bi turista dira. Zuhaitz bat gainean erori zaie Casilda parketik ibiltzen ari zirela.

Haize boladak 120 km/h artekoak izan dira. EFE
Haize boladak 120 km/h artekoak izan dira. EFE
Bi turista zauritu dira Bilbon, zuhaitz bat gainera erorita

00:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haize denborale batek Euskadi astindu du gaur goizaldean. Bolada indartsuena Matxitxakon jazo da, 03:00etan: 120 km/h.

Tenperaturak altuak badira ere, gaur goizaldean euria egiten hasi da, eta hurrengo orduetan egoera berdina izango dela aurrez ikusi dute.

Haizearen ondorioz, atzo hiru hegaldi bertan behera utzi zituzten Loiuko aireportuan, eta beste hiru ezin izan ziren bertan lurreratu.

Halaber, Bilboko Casilda Iturrizar parkean AEBetako bi turista arin zauritu ziren, zuhaitz bat erorita.

Ertzaintzak arretaz gidatzea gomendatu du, errepidean adarrak edota beste tankera bateko objektuak egon litezkeelako.

Aurreikuspena

Astelehena bitan banatuta datorkigu. Goizean haizeak oso zakar joko du, goizaldean hego-mendebaldetik eta gero mendebal/ipar-mendebaldetik. Ufada gogorrenak haizeguneetan espero dira. Gainera, zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, goizaldean eta goizean goiz bereziki. Arratsaldean, aldiz, ostarte handiak irekiko dira eta haizea ahuldu egingo da, nabarmen. Tenperatura maximoak igandekoak baino 7 gradu baxuagoak izango dira.

Asteartean giro aldakorra espero dugu. Goizean, zerua argiago egongo da eta ateri eutsiko dio. Arratsaldean, zerua estalia geratuko da eta euria egingo du, oro har, euri txikia egingo du baina hainbat puntutan indar handiagoz botako du tarteka. Tenperatura maximoak 22-24 graduren bueltan geratuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea